Komunikagaitasuna egiaztatzeko udabarriko azterketak aurrera doaz HABEn
2021-05-14 08:17 Euskerea berbagaiBehin-betiko emoitzak garagarrilaren 21ean argitaratuko dira.
Apirileko azken astean eta maiatzeko lehenengoan egin dira Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen, HABEren, euskerazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko azterketa idatziak. Hiru deialdi kudeatzen dabil HABE: euskaltegiko ikasleentzakoa, edegia eta HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintzea) deialdia. HABEk B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzen ditu.
Danetara, ia 17.000 lagunek parte hartu dabe Gasteizko BAKH zentroan, Barakaldoko BEC-en, Irungo FICOBAn, Bilboko Ulibarri euskaltegian, Bartzelona eta Madrilgo Euskal Etxeetan eta Estaduko zenbait kartzelatan egindako probetan, igaz baino 3.000 azterketari gehiagok. Euskaltegietako 10.681 euskera-ikasle matrikulau dira, deialdi edegian 6.080, HOBE deialdian 513, Euskal Etxeetan 64 eta kartzelatan 16; horreetatik 131 ikasleri zerbitzu egokituak eskaini jakez behar bereziak dituelako.
Deialdiak parte-hartze zabala izan dau eta gitxi izan dira matrikulea ordainduta azterketara joan ez diranak: euskaltegietako ikasleentzako deialdian 251 (% 2,35); deialdi edegian 528 (% 8,68) eta HOBEn 26 (% 5,07).
Bizi dogun osasun-egoera bereziaren testuinguruan atondutako hitzorduak izan dira eta horregaitik, azterketari eta antolatzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko prebentzino eta higiene neurri zorrotzak jarraitu dira.
Halan da be, COVID egoerea dala eta, 233 azterketari ezin izan dira probetara bertaratu, joan ezina mediku-txosten bermedunez arrazoitu dabenei maila egiaztatzeko beste aukera bat izango dabe datorren martitzenean, hilaren 18an.
Bestalde, HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintzea) sistemea erabilita C1 eta C2 maila egiaztatzen jardun daben 95 lagunen azterketek arazo teknikoa izan dabe Interneteko sistema informatikoan. Horregaitik, HABEk dagoeneko jakinarazo deutse persona horreei, banan-banan, idatziz eta telefonoz, azterketearen idatzizko-probea egiteko aukerea izango dabela maiatzaren 21ean eta 22an BECen, Donostiako HABEren egoitzan eta Gasteizkoan, Samaniego kalean. Gorabehera honek sortutako eragozpenakaitik, azterketarako ordaindu eben matrikula-kopurua bueltau egingo deutse HABEk.
Emoitzak
HABEren udabarriko azterketa honeetan parte hartu dabenek bagilaren 11n jakingo ditue emoitzak eta ondoren, idatzizkoa gainditu dabenek, azterketearen barriketa-probak egin ahal izango ditue:
· B1 eta C2 mailakoak bagilaren 24, 25 eta 26an.
· B2 mailakoak garagarrilaren 1, 2 eta 3an.
· C1 mailakoek garagarrilaren 8, 9 eta 10ean.
HABEren euskerazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko azterketen behin-betiko emoitzak garagarrilaren 21ean argitaratuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!