Bilboko Udal Bandeak zazpi kontzertu emongo ditu udabarrian
2021-05-13 11:10 MusikeaLehenengoa bihar, maiatzak 14, Arenaleko kioskoan.
Bilboko Udal Musika Bandea Arenaleko kioskora bueltauko da barikuan, hilak 14, udabarriko egitarauari ekiteko. Bagilaren 24ra bitartean, zazpi kontzertu joko ditu bandeak José Rafael Pascual Vilaplana eta Iñaki Urkizu zuzendari dirala. Ziklo honetako zazpi kontzertuak bariku arratsaldeetan izango dira, 19:00etan, San Juan gaueko ospakizunakaz bat egingo dauen azken emonaldia izan ezik.
Aitatzekoa da Bilboko Udal Txistularien Bandeak, Garikoitz Mendizabal buru, Udal Musika Bandeari lagunduko deutsala egitarauko hiru kontzertutan.
Lehen kontzertua bihar, barikua, izango da. Bidaia klasikoakaz izenburupean, bandek XX. mendearen hasieran sarri interpretautako partiturak buztartuko ditue musikariek. Garai haretan, banden aire zabaleko kontzertuek musika sinfonikoa zabaltzeko bidea ziran. Franz Suppék azaldutako Viena, Ippolitov-Ivanoven Kaukasoko paisajeak, Txaikovskyren Eslaviar Martxea eta Edward Elgar eta Eric Coatesen Londres ezagutuko ditue entzuleek.
Udabarriko zikloko ganerako kontzertuetan, Euskal Herriko hainbat egileren konposizinoak entzun ahal izango dira: Pelayo Marín, José Antonio Erauskin Aiestaran, Domingo Eguileor, Eduardo Gorosarri, Federiko Korto, Raimundo Sarriegui, Rodrigo de Santiago, Santos Intxausti, Enrique González Arroitajauregui, Jose Inazio Ansorena, Eduardo Moreno eta Ruper Lekue Bernaola.
Kanpoko autoreei jagokenez, aitagarriak dira Jacques Offenbach, Georges Bizet, Grabriel Pierné, Moritz Moskowski, Léo Delibes, Julius Fucik, Emilio Cebrián, Henry Filmore, Robert Jager, Martin Ellerby, Ferrán Campos eta beste asko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!