Aurretik izena emon beharko da 2021eko Ibilaldian parte hartzeko

Bizkaie! 2021-05-12 12:53   Euskerea berbagai

Lau gune ipiniko ditue Sopelan, eta kontzertu erraldoirik eta jan-edanik ez da egongo.

Xabier Ugalde (Ander Deuna), Josune BaƱales eta Koldo Tellitu (biak Ikastolen Alkartekoak), maiatzaren 30eko jaiaren aurkezpenean (argazkia: EHko Ikastolen Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun egoereak kolokan jarri ditu ikastolen aldeko jai jentetsuak, baina Bizkaiko ikastoletako arduradunek aurreratu dabenez, Ibilaldiaren 2021eko edizinoa egin ahal izango da. Beraz, Sopela euskaltzaleen topagune bihurtuko da maiatzaren 30ean, Kalakalata lemapean. Hori bai, jaia ez da izango ohituta gagozan modukoa: ibilbiderik ez da egongo, kontzertu erraldoirik ez dabe antolatuko eta ez da jan-edanik emongo. 

Ibilaldiko arduradunek azaldu dabenez, lau gune ipiniko ditue Sopelako beste horrenbeste lekutan, eta bakotxari naturako elementu baten izena emongo deutse: Lurra, ura, sua eta haizea. Jentea ahalik eta modu seguruenean alkartzeko lekuak topau ditue guneak ipinteko. 

Gune batetik bestera joateko ibilbiderik ez egoteaz gan, Ibilaldira joan nahi dabenek gune bakarra aukeratu beharko dabe, eta besteetara ezin izango dira sartu. Aurretik izena emon behar da Ibilaldiaren webgunean, doban. Izena emoten ez dabenak ez dira sartuko Ibilaldiaren eremura. 

Modu horretara, jentearen joan-etorriak gitxituko dira eta guneetako edukierea zorrotz kontrolau ahal izango da. Ibilaldira joan nahi dabenentzat, normalean baino deserosoagoa izango da sistema barria, baina jaia bertan behera itxi barik osasuna jagoteko modu bakarra da.

Gune bakotxean era bitako jarduerak egongo dira: batetik, aktiboak, parte hartzekoak, adibidez tailerrak eta olgetak; bestetik, jesarrita ikusteko ikuskizunak. Edade guztientzako ekintzei lekua egiten ahalegindu dira antolatzaileak, baina familia osoak alkarregaz gozetako modukoei lehentasuna emon deutse.

Lau guneak

Sua gunea Ander Deuna ikastolan ipiniko dabe, ikastetxe hori dalako aurtengo antolatzailea, Leioako Betiko ikastoleagaz batera. Egurrezko jokoak eta jantza tailerra egongo dira, baita Deabru Beltzak taldearen ikuskizun piroteknikoa be. Hasiera ekitaldia be Sua gunean egingo dabe.

Ura gunea Barinatxeko goiko aparkalekuan egongo da. Umeek hondartzan olgetako jarduerak antolatuko ditue eta Saharako herria ezagutzekoak be bai. Uragaz lotutako ikuskizun bat be antolatu nahi dabe, baina oraindino ez daukie bape lotuta.

Haizea gunea be Barinatxe partean egongo da, baina hondartzearen beste aldean. Kometa eta perkusino tailerrez disfrutau ahal izango dabe hara joatea erabagiten dabenek, eta zirku ikuskizuna be egongo da.

Lurra gunea Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruetan egongo da. Talo eta tai txi tailerrak egin ahal izango dira. Ganera, Gora Kasete ikuskizuna antolatuko dabe. 

Lau guneetatik kanpo badago be, Ibilaldiaren antolatzaileek azaldu dabe azoka txikia ipiniko dabela Sopelako Udaletxearen plazan. Hainbat produktu ikusi eta erosi ahal izango dira han jarriko dituen 25 postuetan. Azokara sartzeko ez da aurretik izena emon behar.

Ibilaldi desbardina, normalean baino muga gehiagoduna, izango da 2021eko hau, beraz. Ander Deuna eta Betiko ikastoletako kideek, baina, urteroko gogoari eutsi deutse, eta bete-betean ibili dira Ibilaldia antolatzen. Jentea Sopelara joatera animau daiten, spot edo iragarkia plazaratu dabe (ikusi hemen).

Kantua eta bideoklipa be prest dagoz, Kalakalata izenburudunak. Xabi Payak izan dau berbak idazteko ardurea, Xabi Aburruzagaren musikearen ganean. Bideoklipa In-komunikazinoa agentziaren esku egon da. Ikusi eta entzun hemen.

Musikari ugarik hartu dabe parte grabazinoan. Besteak beste, Eriz Perezek, Jose Urrejolak, Xabier Zeberiok, Alberto Urretxok, Andrzej Olejniczakek eta Nikolas Zubiak. Kantuan, lau emakume: Aiora Renteria, Itziar Ituño, Iholdi Beristain eta Maitane Salvador. Sopelako eta Leioako ikastoletako neska-mutilek be kantau dabe, koreografietan parte hartzeaz gan. Bideoklipean, Uribe Kostako dendariak eta suhiltzaileak agertzen dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu