Eibarreko eleizako erloju zaharra zaharbarritu egingo dabe
2021-05-12 10:48 KultureaIgnacio Zubillagak egindako erlojua 1910ean jarri eben eleizako torrean.
Eibarreko Udaleko Artxiboak egindako txostenaren arabera, zaharbarritu nahi dan erlojua Albisturreko Ignacio Zubillagak egin eban eta 1910eko martiaren 30eko jakinarazpen batek dakarrenez, erloju barria amaituta egoan eta perituaren bisitearen zain behin betiko jarri aurretik, harek oneritxia emon behar ebalako fabrikatik urten baino lehen; Udalbatzaren 1910eko maiatzaren 18ko aktan jasoten da: Albisturreko erlojugileak amaitu ditu torreko erlojua jarteko lanak.
Erlojua Udalarena da, ha izan baitzan erloju zaharra ordezkatzea eta erloju barria egitea eta jartea erabagi ebana. Haren ordez beste erloju modernoago bat jarri ebenetik erabilten ez zan erloju bat da eta, orain arte, eleizako leku berezi batean egon da gordeta, 2019an handik erretirau eben arte, obra batzuk egin behar zirala-eta. Gaia Ego Ibarra Batzordearen eskuetan itxi zan eta harek, 2020ko garagarrilaren 1ean, erabagi eban zaharbarritze-prozesu bati ekitea, eta eskabide bat egin eutson urigintzeari aurrekontuetan zaharbarritzeko zenbatekoa jarri eta non ipini aztertzeko.
Parrokiako erloju zaharra
Erlojua burdinurtuzkoa da, letoizko tanborrak ditu eta kanpaiak joteko eregi eben: orduetan puntuan eta ordu laurenero; orduetan puntuan errepetidu egiten ziran.
Adjudikazino-prozesua egin ondoren, erlojuaren zaharbarritze-lana Relojería Industrial Nervión enpresearen esku geratu da eta enpresa horri esleitu jako lana, 9.500 euroan: makina horreek deskribidutako eran jarri behar dira eta erlojugileak egin zituanean bezela itxi eta martxan jarten ez bada be, funtzionetako prest laga. Enpreseak 2021eko urriaren 21ean ekarriko dau erloju barritua eta egun horretarako Udalak behin betiko kokalekuari buruzko erabagia hartua izango dau.
Eleizako erloju zaharra herriko bizilagunen eguneroko zereginen lekuko zintzoa izan da eta XX. mende korapilotsu haren lehen urteetan, haren ezkilen errepikak eta dilin-dalanek markau eben eibartarren bizimodua.
Eibarrek 675 urte beteten dituan honetan dator hau guztia, belaunaldi barriek haren barri izan deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!