Badator 'Zurrunbilo'
2021-05-12 08:29 KultureaArte eszenikoetako arloak jagotea da helburua.
Maiatzaren 14tik 16ra, Zurrunbilok seigarren edizioa bete dau eta bere esentziari eutsiz egin dau: euskerazko sorkuntza eszeniko garaikideari denporea eta lekua eskainiz: Jaialdiaren helburua bikotxa da: euskeraz lan egitearen alde egiten daben artista eta konpainiei laguntzea eta euren sorkuntzak ohiko ikusleei eta, inoiz parte hartu ez daben arren, horretarako jakinmina daben personei hurreratzea, adierazo dabe Baratza Aretoko arduradunek.
Programazinoa
Bost proposamen eszeniko eta hausnarketarako topaketa bat izango dira Gasteizen.
Barikuan, maiatzaren 14an, 19:00etatik aurrera, Baratza Aretoak, jaialdiaren egoitza nagusiak, Patricia Urrutia aktoreak sustatutako BenetanBe konpainiaren Porno vs. Afrodita ikuskizuna eskainiko dau: gaztetxuentzako eta ez hain gazteentzako ikuskizuna, heziketa sexuala eta afektiboa ardatz dituana. Zuzeneko musikaz bustitako komedia zoroa.
Zapatuan, hilaren 15ean, 19:00etan, Jone Bengoaren txandea izango da. Aktore gasteiztarrak Kabia aurkeztuko dau, uriko hainbat artista eta eragileren laguntzeagaz sortutako antzerki dokumentala. Orain urte batzuk Gasteiz helmuga izan eben hainbat emakumeren istorioa jorratzen da lanean. Ondoren, Jon Ander Urrestik Tribiz, baserri galdue antzerki dokumentala eskainiko dau, galdera baten inguruan: Zer egin erabilerea galtzen doan ondareagaz?.
Zurrunbilok, maiatzaren 16an, domekan, 18:30etik aurrera, bere azkenengo jardunaldia izango dau. Proposamen bi dakarz: Unisono-a, Ixiar Rozas eta Ibon RGren eskutik egindako irakurketa esperimentala eta lehenengoak 2020an argitaratutako poemategitik abiatzen dana; eta Muskulo, Oiartzunen (Gipuzkoa) 2015eko hasieran jaiotako taldea, Musikaz gan beste ibilbide batzuetako artisten arteko esperimentazinoa kantzeko proiektua, antzerkiari eta poesia arloari lotutakoak.
Topaketea
Proposamen eszenikoez gan, Oihaneder Euskerearen Etxera be helduko da Zurrunbilo. Hilaren 15ean egingo da, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era, profesionalei eta interesdunei zuzendutako topaketa formatuan. Belaunaldi barriak eta etorkizuna izenburupean, etorkizuna izango da aurtengo gaia, belaunaldi barrien ikuspegitik: Aurreko urteko bideari jarraituz eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteagaz Bidenteak gara liburuaren inguruan lankidetzea indartzeko asmoz, aurten etorkizunera begira jarriko gara, orainari begira. Topaketan, batetik, belaunaldi barriei ahotsa emon gura deutsegu. Euren ekarpenak guztion hausnarketarako adierazgarriak izan daitekezan neurrian, goizean egingo dan ezohiko mahai-inguru baten bidez, azaldu dabe. Arratsaldean, digitalizazinoa orainaren eta etorkizunaren parte dala ulertuta, honek gizartean eta arte eszenikoetan dauen eraginari buruzko mahai-ingurua sortuko da, online tresnen bidez lan-bide barriak aztertzeko: Topaketearen helburua alkar ikustea, hausnartzea eta ezagutzak, ardurak eta ideak konpartidutea izan da beti, esan dabe antolatzaileek.
Sarrerak
Zurrunbilo jaialdirako ikuskizun guztietarako sarrerak salgai dagoz hemen. Sarrerak 7€-ko prezioa dau (9 € txarteldegian) eta jaialdi osorako bonuak 18€. Sarrerak erosteko, Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Kultura Bonua erabili daiteke. Era berean, topaketan izena emoteko aukerea be zabalik dago (sartzea doban - aldez aurretik izena ematea reservas@salabaratza.com helbidean - lekuak bete arte).
Kultura segurua
Ikusleen, sortzaileen eta lantaldearen segurtasuna bermatzeko, Baratza Aretoak Covid – 19 protokoloaren arabera lan egiten jarraitzen dau. Protokolo horrek ondoko neurriak hartzen ditu gogoan: edukiera mugatua, maskarearen nahitaezko erabilerea, sarrera eta urteera mailakatuak, hall-a eta beste areto batzuk aldi baterako zarratzea eta desinfekzinoa eta garbiketea indartzea. Horri jagokionez, Baratza aretoaren arabera, Kultura-sektorea erakusten dago gozamen-jarduera bati eutsi geinkiola, gure inguruan inoren segurtasuna arriskuan jarri barik. Horregatik, garrantzitsua da danok arauak errespetetea eta, holan, arteakaz bat egiteko esperientzia biziten eta konpartiduten jarraitu ahal izatea".
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!