Pandemia eta haren ondorioak aztertu ditue Hermes aldizkariaren azken alean
2021-05-11 09:55 Kulturea68. Hermes-eko kolaborazino grafikoa Raquel Meyers artisteak egin dau.
Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historiari buruzko aldizkariaren hurrengo aleak (68. zenbakia), gai bakarrekoak, izurritea Euskadin agertu zanetik igaro dan urtebetetik gorako aldiaren nondik norakoak jorratu ditu. Alearen ehun orrialdetan, gizarte-esparru guztietako adituen hausnarketak, COVID-19ak gurean izan dituan ondorioei buruzkoak, jaso dira, bai eta osasun-krisiaren laugarren olatua igaroten denean, etorkizunari aurre egiteko moduaren inguruko gogoetea be.
Telelana, lineako hezkuntzea, autogobernuak gainditu behar izan dituan mugak, eskubideen murrizketea, merkataritzeak izan dauen aldaketea, industria, osasun publikoa eta pribatua, izurriteak genero-bardintasunean eta kulturan izandako eragina... Gai horreek jorratu ditue, besteak beste, hainbat adituk, kasurako, Daniel Inerarityk, merkataritza-ganberetako presidenteek, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak edo Idoia Mendiak, irakasleek zein, hezitzaileek; danetara, hogei kolaboratzailek baino gehiagok emon dabe azken urtean bizi izandakoaren ikuspegi sakona eta hurrekoa.
Kolaborazinoez gan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri egindako alkarrizketea jaso da aldizkarian eta, bertan, COVID-19a gurean agertu zanetik igarotako aldia aletu eta itxaropenez baina ahots kritikoz agertu da denpora-tarte horretan jazotako egoeren aurrean. Lehendakariak salatu egin dau berme juridiko osoko tresnarik ez izatea neurriak autogobernutik hartu ahal izateko; haren eretxiz, giro politikoan, zentralizetako arriskua ekarri dau pandemiak. Hamaika ikasbide emon deuskuz izurriteak: familiaren balioa, hurreko hartu-emonak, autogobernuaren eta baterako gobernantzearen garrantzia, publikoaren eta pribatuaren arteko hartu-emonak eta gure osasun-sistemaren balioa, hau da, Osakidetzaren balioa. Harro dago txertaketearen kudeaketaz. Pandemiak digitalizazinoa eta lineako irakaskuntzea bizkortu ditu baina agintariak autortu dau aurrez aurreko heziketeak aparteko garrantzia dauela edade-tarte batzuetan. Esangura horretan, personak ez dira tresna digitalen bidez trebatzen. Personak zuzeneko hartu-emon personalez eta bizikidetzaz trebatzen dira.
Era berean, telelanak erregulazino, antolamendu, helburu eta tresna batzuk behar dituala dino Urkulluk eta autortu dau barruko gogoetea eta eztabaidaa dabela politikariek bolada honetan: Ez dot uste politikariok, oro har, maila onik emon dugunik. Lehendakariaren ustez, batzuek pandemia erabili dabe aurkari politikoaren kontrako armatzat. Autogobernuaren barruan, neurriak hartzeko orduan babes juridikoa emongo deutson legeria eskatu dau, alarma-egoerearen beharrik barik, neurri horregaz ez baitzan ados egon eta gaur egun be ez dago ados: Bildur naz, hemendik aurrera, Lehendakariak dekretu bat emon behar dauen kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren erispenari lotu behar izango ete jakon eta, gainera, dekretuak eragindako sektore guztiei entzunaldia emon beharko jaken kritikau dau.
Lehendakariak ez ditu ahaztu egunero-egunero, hildakoen barri emoten eutseneko bilerak: Bizi izandakoak Giza aztarna handia itxi deust, min emoten dau pentseteak zientzia ez dala sasoiz heldu, birusaren eraginez bat edo lau mila personaren heriotzea galarazoteko. Baina arazoak gainditzeko gaitasuna dogulakoan dago, aurreko belaunaldiek egin eben legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!