Gorka Aulestia ohorezko euskaltzaina hil da

Bizkaie! 2021-05-11 08:49   Euskerea berbagai

Euskal Ikasketetan doktorea zan, eta hiztegiak zein euskal literaturearen inguruko liburuak argitaratu zituan.

Gorka Aulestia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak zabaldu dauenez, Gorka Aulestia hil da, 88 urtegaz. Euskal Ikasketetan doktore, unibersidadean irakasle eta ohorezko euskaltzaina izan zan, besteak beste. Hiztegiak eta euskal idazleen inguruko liburuak argitaratu zituan.

1932ko abenduan jaio zan Gorka Aulestia Txakartegi, Ondarroan. Deustuko Unibersidadean Ekonomia ikasi eban, eta, ondoren, Estadu Batuetara joan zan, filologia ikasteko asmoz. Renon, Nevadako Unibersidadean Euskal Ikasketetan doktore izatera heldu zan, eta han egin eban behar 1990era arte. Ondoren, Deustuko Unibersidadeko irakasle izan zan, erretiroa hartu arte.

Euskaltzain urgazle izentau eban Akademiak 1996an. Literatura Batzordean parte hartu eban Aulestiak, arlo horretan eukan jakintzea aprobetxauta. 2010etik ohorezko euskaltzaina zan.

Euskal idazleen inguruko liburu eta ikerlan ugari plazaratu zituan Aulestiak, Euskal Herrian zein Estadu Batuetan: Erbesteko euskal literaturaren antologia (1992), Escritores vascos (1996), The Basque Poetic Tradition (2000), Escritores euskéricos contemporáneos (2011)... Bertsolaritzaz be idatzi eban.

Hiztegigintzan, batez be, ingelesaren eta euskerearen arteko zubilana egiten ahalegindu zan. Nevadan egoala plazaratu eban Basque-English Dictionary (1989), eta, Linda Whitegaz batera, lan horren bersino osotuagoak egin zituan hurrengo urteetan. 

Andres Urrutia euskaltzainburuak esker onez gogoratu dau Aulestiaren ekarpena: Gorka Aulestia, Ondarroatik mundu zabalera, euskerea eta literaturea bitarteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu