'Goza:tu', sexualidade osasungarriaren aldeko bideo-singlea
2021-05-10 13:49 MusikeaAiora Renteriak, Mad Muaselek, Odd Poixonek eta Yogurinha Borovak egin dabe.
Hiesaren kontrako T4 alkartearen 30. urteurrenaren ospakizunei ekiteko, Goza:tu izeneko bideo-singlea egin dabe hainbat musikarik alkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundia be laguntzaile dala. Bideoa sareetan ipini dabe (hemen). Sexualidade osasungarri, begirunetsu eta atsegingarria aldarrikatzen dau kantuak.
Estilo ugaritako musikariek egin dabe bat abestia sortzeko orduan, Zea Mayseko Aiora Renteriak, Mad Muaselek, Odd Poixonek eta Yogurinha Borovak hain zuzen. Ganera, bideoklipean, Margotu zentroko gazteek eta Barakaldoko Wild Dance Project akademiako jantzariek be hartu dabe parte.
Sensibilizazinoa bultzatzeko kantua dala azaldu dabe T4 alkarteko kideek. Eskemak apurtu nahi ditue, ezarritako diskursoari aurre egiteko, norbere buruagaz eta besteakaz errespetuzkoa dan sexualidadea aldarrikatzeko. Kalteak eta arriskuak behin eta barriro aitatuta, sexualidadearen alderdi positibo eta gozagarriez berba egitea ahaztu jakula ohartarazo dabe T4koek. Horregaitik, osasun arlotik urrundu eta kulturara eta aisialdira jo nahi izan dabe Goza:tu bideo-singleagaz.
Belaunaldi barriak multimedia dira. Beraz, agertoki horretan, musikea bitarteko giltzarri bihurtu da gazteakana heldu eta eurakaz bat egiteko, azaldu dau T4k. Hareen giroan sartzeak gazteakana heltzea errazten deusku, eta giro horren uhinak zabaltzea, musika-proposamen hezitzailearen transmisino-agente bihurtzeaz gan.
Goza:tu kantu eta bideoklipa egiteko orduan gogoan izan dabe aniztasuna, baina ez musikarien estiloei jagokenez bakarrik. Gizarteko errealidade ugari agertzen dira, esate baterako, ikasle siriar eta errumaniar batzuek euren hizkuntzetan egindako zati bat dago, eta aniztasun funtzionala dabenentzako erraztasunak be badagoz (larruazala, eskuak, ahoa). Sexu eta identidade aldetik be, aukera guztiak erakusten ahalegindu dira.
Gaur egungo jokerakaz bat eginez, Tik-tok erako koreografia erraza dakar bideoak, gazteek kantau eta jantzan egin deien. Plataforma guztietan eskuratu ahal izango da bideoklipa, doban, helburu nagusia zabalkunde ahalik eta handiena egitea dalako.
T4 alkarteak 30 urte daroaz Hiesak edo GIB birusak jotako personei laguntzen, euren bizi-kalidadea eta itxaropenak hobetzeko helburuz. Hiesa dabenakaz eta euren senideakaz ez eze, herritar guztiakaz be lan egiten dabe, kontzientziazinoa zabaltzen. Bizkaia da T4ren eremu nagusia, baina EAEko eta nazinoarteko ekimenetan be parte hartzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!