Haizea Arana, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza eta Paula Amilburuk finalean kantauko dabe
2021-05-08 18:51 BertsolaritzeaI. Señora Sariketako finala maiatzaren 8an izango da.
Aramaion hasi zan I. Señora Sariketea eta finaleko seikotea osotzeko Amaia Agirre eta Onintza Enbeita ohorezko señorak gonbidatu ditue. Antolatzaileek Agirre eta Enbeita zuzenean finalean kantetea erabagi eben, bertsolaritzan eta señoratasunean erreferente diralako. Lesakako saioa maiatzaren 8an izango da, Arrano tabernako terrazan. Aurreko saioak bezela, arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala be. Ainhoa Larretxea gai-jartzaileak gidatuko dau saioa.
Sarrerak agortuta dagoz eta beraz, plaza betearen aurrean kantauko dabe sei bertsolariek. Etorterik ez daben bertsozaleek edo sarrerarik eskuratzerik izan ez dabenek bertsoa.eus atarian izango dabe saioa jarraitzeko aukerea.
Plazan eragitea helburu
Ekimen hau zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek atondu dabe herri-eragile eta mobimentu-feministako kideakaz alkarlanean. Sariketearen helburua emakume bertsolariek alkarregaz kantetako aukerea izango daben guneak sortzea eta horreek plazan daben presentzia aregotzea da.
Umorea ardatz, señora izaerari aldarri egin jako sariketan. Kontzeptu lausoa baita señora izatea, zehazten gatxa, baina danok ulertzeko kapaz garena.
Sarritan gitxietsia edo epaitua, baina desiratua be bai batzuetan. Holan, belaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahalduntzean pausu bat gehiago emotea izan da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!