30 Herri Urrats, baina Seaskaren aldeko ahots bakarra

Bizkaie! 2021-05-10 08:44   Euskerea berbagai

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko Boga! kanpainea martxan dago oraindino.

Erakundeetako ordezkariak eta Seaskako arduradunak Senperen batu dira (argazkia: Euskal Irratiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun egoereak behartuta, aurten ezin izan da Herri Urrats egin Senpereko lakuaren inguruan, maiatzeko bigarren domekan ohikoa izaten danaren kontra. Horren ordez, Seaskako ikastolea daben 30 herrietan beste horrenbeste Herri Urrats txiki egin ditue, Ipar Euskal Herriko ikastolek herritar guztien babesa behar dabela nabarmentzeko.

Giroa desbardina izan da, ez dalako Senperen ohiko jentetzarik batu. Baina 30 ospakizun txikietan euskaltzaleek Seaska babestu dabe, giro onean, osasun arloko arau zorrotzek itxi daben neurrian. 

2021eko Herri Urratsen helburu nagusia Seaskaren sareko bosgarren kolegioa zabaltzeko dirua batzea izan da. Jai handiaren faltan, Boga! izeneko kanpainea ipini dabe martxan asteotan, nahi daben euskaltzale guztiek euren baliabideen arabera ekarpenak egin deiezen. Kolegio barriaren zatiak erosi ahal izan ditue, 20 euroko teiletatik hasi eta milaka euroko kirolguneraino. 

Aurreko egunetan, kolegio barrirako beharrezkoa dan diru guztiaren % 20 batuta izan dau Seaskak. Herri Urrats txikien bultzadeari esker, kopuru hori handitzea izan da asmoa. Ganera, gogora ekarri dabe hurrengo egunetan be zabalik egongo dala Boga! kanpainea, ekarpenak egin nahi dituenenentzat. 

Senperen, aintziran barik Larreko gelan, erakunde publikoetako, ikastoletako eta gizarte mobimenduetako ordezkari ugari batu dira. Seaskari babesa emoteaz gan, Frantziako hizkuntza txikien aldeko legeari ipini deutsen helegitea salatu dabe. Ganera, zapatuan hildako Mixel Berhokoirigoin gogoan hartu dabe.

Agerraldian egon dira, besteak beste, Max Brisson senataria, Mathieu Berge Akitania Barriko kontseilaria eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Alkargoko presidentea. Seaskako buruak, Beñat Bidegain, Emile Negueloua eta Peio Jorajuria be han izan dira, Ikastolen Alkarteko Koldo Tellitugaz batera. 

Bosgarren kolegioa eregiteko orduan, Pirinio Atlantikoak departamenduak urtenbide egokia topetako alkarlanean Seaskagaz bat egingo dauela aurreratu dau Florence Lasserre diputaduak. Izan be, Seaska sare pribadua dan arren, departamenduaren esku dago bigarren hezkuntzako zentroak arautzeko ardurea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu