BilbaoArten Goldarazena, Madariaga eta Oyarzabalen 'Zaldia zelan hil' erakusketea zabalik

Bizkaie! 2021-05-07 13:51   Kulturea

Erakusketea bagilaren 4ra arte egongo da.

BilbaoArte Fundazinoak, Bilboko Udalaren zentroak, Katixa Goldarazena, Ibai Madariaga eta Miel Oyarzabal artisten Zaldia zelan hil erakusketea aurkeztu dau Urazurrutia Aretoan. Erakusketea eten barik aldatzen joango da ikusgai egongo dan tartean eta ikuslearen aldetik berrinterpretazino-ariketea eskainiko dau.

Hau da 2020an beka jaso eben hiru artista horreek alkarregaz lan egiten daben lehen aldia eta horregaitik, erakusketearen prestakuntzeak protagonismo handia hartzen dau: hiruren artean zeozer egiteko amesa egoan, ez bakotxaren lanaren puzzle bat, Ate Edegiak 2020 jardunaldian legez.

Erakusketearen izenburua hiruren arteko lan hori sortzeko abiapuntua da: Zelan egingo zeunskio aurre animalia bati tresna barik? galdereari egiten deutso erreferentzia Zaldia zelan hil tituluak. Fikzino hori, azkenean, behin eta barriro agertzen da lan egiteko moduan, eta eten barik dakar muntaketea zelan landu planteetako ariketea.

Horretarako, industria-materialak –Adreiluak, egurra, pladurra– Eta aurreko erakusketako eta zentroaren eskultura-tailerreko soberakinak erabilten dira. Lan personalak be izaten ditue, esate baterako, Katixa Goldarazenak azken urtean egindako bideoak. Alde batetik, erakusketako materialok olgetarako treantzat hartzen ditue artistek eta, beste aldetik, ikasketa lez gozetan daben muntaketa-denporea. Zaldia zelan hil erakusketea aldakorra da, zirkuituetan hain ohikoa dan azken proposamen aldaezin horri aurre eginez.

Artisten arteko distantzia erabagigarria izan da erakusketa honen eta bere katalogoaren produkzinoan, Katixa, Miel eta Ibai probintzia ezbardinetatik (Bizkaia eta Nafarroa) datozelako. Ondorioz, azken hilea izan da 'Zaldia zelan hil' erakusketea eta bere ezohiko katalogoa atontzeko lan intensiboena. Katalogoaren produkzinoa esperimentazino ariketa bat izan da hiru artistentzat: Testuen egiletzea diluitzen saiatu dira, katalogoko orrietan eskaneatzeak ugaldu dira idazki personalen transkripzino eta berrinterpretazinoaren bidez. Emoitzea hainbat modutara irakurri edo esperimentau daiteke, testuak desordenauta dagozalako hizkuntzeari jagokonez eta akatsak eta errepetizinoak dituelako.

Zaldia zelan hil astelehenetik barikura izango da ikusgai, 17:30etik 20:30era, bagilaren 4ra arte.

Katixa Goldarazena (Arruitz, 1992)

BilbaoArte Fundazinoan (2020) eta Huarte Arte Garaikideko Zentroan (2019) egoitza artistikoak egin ditu. Hurrengo erakusketa kolektiboetan parte hartu dau: Habititación: entre ocho y nueve CACH 2020en; Harriak 2019 programako Hau ez da hau-n; eta Amama(ñina) da, 2018an. 2019an, Nafarroako Gobernuaren Artista Plastikoen Produkzinorako Laguntzea jaso eban.

Ibai Madariaga (Mallabia, 1994)

Arkitektoa da (EHU/UPV, 2018). Miel Oyarzabalegaz batera Soplo. Arnasketa Saiakerak (2021) eta Ertibil Bizkaia (2020) erakusketa kolektiboetan parte hartu dau.

Miel Oyarzabal (Durango, 1994)

Arte graduatua da (EHU/UPV, 2018). Bere azken erakusketak Soplo. Arnasketa Saiakerak (2021) eta Ertibil Bizkaia (2020) kolektiboak izan dira, biak Ibai Madariagagaz batera, baita Gizon txikia ez danean (Harriak) erakusketan, Oier Iruretagoiena eta Itziar Bilbaogaz batera be, Iñaki Garmendia komisarioagaz, 2019an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu