Artea eta memoria historikoa buztartuko ditue Larrabetzun

Bizkaie! 2021-05-07 13:49   Kulturea

1936ko gerrako eta ondorengo diktadurako bizipenak gaur egunera ekartea da asmoa.

EHUko eta Udaleko ordezkariak, proiektuan parte hartuko daben artistakaz (argazkia: Tere Ormazabal/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUko Arte Eder Fakultadearen eta Larrabetzuko Udalaren arteko lankidetzeari esker, herri horretako memoria historikoa jorratzeko egitasmo barritzailea ipiniko dabe martxan, eta horren emoitzak udagoienean ezagutuko doguz. Hain zuzen be, memoria historikoagaz lotutako hiru proiektu artistiko aukeratu ditue, bakotxa artista batek edo artista-talde batek aurkeztua. 

Urrira arte ibiliko dira sortzaileak euren proiektuei formea emoten, eta, ondoren, Larrabetzuko bizilagunei erakutsiko deutsez. Herritarrek erabagiko dabe zein dan daben gogokoen edo zein dan egokiena Larrabetzun memoria historikoa lantzeko. 

Helburua da 1936ko gerrea eta ondoren etorri zan diktadura luzea bizi izan zituen ume, gizon eta andren bizipenak gaur egunera ekartea, eta biktimei autortza bidezko eta egiazkoa egitea. Artea horretarako bitarteko aproposa dala uste dau Arte Eder Fakultadeko dekano Arantza Lauzirikak, memoria helarazoteko balio dauelako.

Horrezaz gan, Larrabetzuko Udalagaz egindako akordioak onurak ekarriko deutsez ikasleei, Lauzirikaren arabera: Fakultadeko ikasleen lanak presentzia handiagoa izango dau gizartean, batez be, uriburu edo urigune handi ez diran udalerri eta inguruneetan. Ganera, ikasleen esperientzia hobetzen laguntzen dau, ikasleari testuinguru akademikotik urten eta testuinguru espezifikoetan eta arazo zehatzetan lan egiteko aukerea emoten deutso.

Honeek dira hiru proiektu artistikoak:

- Ane Seijas/Julen Sainz de Rozas/Ane Lopes. Proiektuaren izenburua: Noranzko begirada.

- Eriz Moreno/Amaia Molinet. Proiektuaren izenburua: Zuloa.

- Liben Svaart. Proiektuaren izenburua: Hona hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu