Durangaldeko Mankomunidadeak eremu sozioekonomikoan euskerea sustatzeko ekimena dakar

Bizkaie! 2021-05-07 12:54   Euskerea berbagai

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker.

Mankomunidadearen asmoa da hiru urteko epean 12 enpresa handik eta 30 enpresa txikik euskerea euren egunerokoan sartzea. Hizkuntza bardintasunean eta euskerearen erabileran aurrerapausuak emotea da helburu nagusia eta enpresakaz eurekaz zehaztuko dira lehentasunak.

LANDUE (Durangaldean Lana Euskeraz) izeneko egitasmoa aurkeztu dabe gaur, Euskerea Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Plana-gaz bat etorriz. Durangaldean euskerearen ezagutzea nahiz erabilerea sustatzeko aukera barriak urratu gura dira, euskerea lanean eta herritarrakazko hartu-emonetan erabilteko metodologia eta ekimenak sortuko baitira proiektu pilotuari esker.

Durangon egindako aurkezpenean parte hartu dabe Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunidadeko presidenteak, Lorea Bilbao Euskera, BFAko Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputaduak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta bozeroaileak eta Bruss, Renault Gaursa eta Asca talleres enpresetako ordezkariek.

Durangaldean 3.901 enpresa edo establezimendu dagoz eta horreetatik 250 langiletik gorako 10 enpresa, 50 langile edo gehiago dituenak 79. Eskualdean lan egiten dabenen ia erdia, hau da, % 45,6-k enpresa horreetan lan egiten dau. Gainera, eskualdeko herritarren % 52,28 euskaldunak dira. Durangaldeko ezaugarriek aukera handiak emoten ditue lan munduan euskerearen kudeaketaz eta gizarte erantzukizunaz jarduteko, baita eremu honetan errealidade diran hizkuntza hartu-emonak lantzeko be. Horretan sakontzea eta euskerea sustatzen dabizenei bultzadea nahiz babesa eskaintzea da LANDUE-ren helburua.

Gaurko aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak azaldu dauenez, bizi dogun testuinguru eleanitz honetan, euskereak bere lekua izan daian, ezinbestekoa izango da askotan lehentasunak finkatzea enpresa bakotxaren beharrizan eta ezaugarriak gogoan hartuz eta lehentasunetan egon beharko leukie beti lankideen arteko hartu-emonei eragiten deutseen ekimenak eta bezero euskaldunen aurreko hartu-emonei eragiten deutseenak be. Zupiriak erakundeen arteko lankidetzea be azpimarratu dau: gaur aurkeztu dogun LANDUE, Durangaldean Lana Euskeraz ekimenak bat egiten dau Euskerea eremu sozio-ekonomikoan garatzeko 2020-2023 planagaz eta helburuen lorpenean bat egin dogu Durangaldeko Mankomunidadeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak.

Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak adierazo dauenez, badakigu arlo sozioekonomikoan euskerearen erabilerea sustatzeak salto kualitatiboa behar dauela eta horretan gagoz. Gaurko akordioa beste aurrerapausu bat da lan mundua euskalduntzeko prozesuan eta Administrazinokook eredugarri izan behar gara prozesu horretan be, lidergoa erakutsi behar dogu. Lan eta enpresen munduan euskerearen erabilerea modu iraunkorrean areagotzeak zuzenean erantzuten deutso gaur euskerearen egungo erronka nagusiari: bizi-indarraren erronkeari. Lan eta enpresearen munduan be arnasa behar dau euskereak, hauspoa behar dau, gure enpresak lehiakorrak dira, izan daitezala lehiakorrak egiten daben hizkuntza kudeaketan be.

Bestalde, Durangaldeko Mankomunidadeko presidente Mireia Elkoroiribek azpimarratu dauenez, Durangaldean euskerearen ezagutzeak asko egin dau aurrera azken urteetan. Euskerearen erabilerea, aldiz, ahul dago aisialdian, kirol arloan eta eremu sozioekonomikoan. Esangura horretan, Durangaldeko Mankomunidadeak arlo horreetan euskerearen erabilerea sustatzeko konpromisoa hartu eban legealdia hasi eta berehala. Elkoroiribek gaineratu dauenez, gaur aurkezten dogun LANDUE egitasmoaren bidez, Durangaldeko enpresei hurreko zerbitzua eta babesa emon gura deutsegu, hiru erakunde publikoen eta enpresen arteko alkarlanari esker, Durangaldeko lan-munduan euskerearen erabilerea indartzeko.

Enpresa Handiak

LANDUE egitasmoaren barruan, hiru urteko epean Durangaldeko 12 enpresa handik hizkuntza bardintasunean eta euskerearen erabileran aurrerapausuak emotea lortu gura da, hau da, Durangaldeko enpresa handien % 13k. Lehenengo urte honetan bost enpresagaz lan egingo da eta urtez urte gehituko dira besteak.

Enpresa bakotxagaz berba eginda zehaztuko dira lehentasunak, diagnostiko orokor bat egingo jake gero lehentasunezko atalak zehazteko. Lehentasun horreek enpresearen ezaugarrien araberakoak izango dira. Kasu guztietan, metodologia arina eta eraginkorra erabiliko da. Lau pausutan gauzatuko da egitasmoa: diagnostikoa egitea, helburuak zehaztea, esku-hartzea eta lortutakoa errotzea.

Enpresa txikiak

Enpresa Txikien kasuan, LANDUE egitasmoaren bitartez hiru urtean 50 langile baino gitxiagoko 30 enpresatan eragitea da helburua. Urtean sektore zehatz bateko 10 enpresatan eragingo da. Aurten, automozino sektorean egingo da lan, Durangaldean sektore honek dauen garrantzia kontuan hartuta. Enpresei zerbitzu eta euskarri zehatzak eskainiko jakez herritarrei eta asmoa bikotxa izango da: enpresen lan-hizkuntzan eragitea eta bestetik herritarrakan eragin handiko hiru sektoretan zerbitzu-hizkuntzea bermatzea.

Gaur aurkeztutako egitasmoaren barruan, eskualdeko enpresei eskainiko jake LANDUE-ko saioetan parte hartzeko. Bertan hizkuntza kudeaketea hobetzeko tresna eta gomendioak eskainiko jakez, euren preminei erantzuteko hausnarketea sustatuko da eta jardunbide eredugarriak azalduko dira. Horrezaz gan, enpresa bakotzak aukerea izango dau proiektu honetan parte hartu eta euskera kudeaketeari buruzko zerbitzu teknikoa jasoteko.

Euskerea Eremu Sozioekonomikoak Sustatzeko 2020-2023 Plana

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak aitatu plana onartu eban 2019an, euskerearen ezagutzea eta erabilerea sustatzea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuari eutsiz, langileen eta herritarren aktibazinoa aintzat hartuta. Plan honek zehazten dauenez, Durangaldea lan-munduan euskerea sustatzeko estrategikoa da, besteak beste, hirugarren eremu soziolinguistikoan dagoalako eta industriak eskualdean indar handia dauelako.

LANDUE proiektua jorratuko da enpresa txiki eta handietan, hizkuntzea kudeatzearen onurak landuko dira eta horretarako, zerbitzu teknikoa jasoko dabe programan parte hartuko daben erakundeek.

Bizkaiko Foru Aldundiaren BIZKEUS proiektua

Hitzarmen hau kokatzen da BIZKEUS proiektuaren barruan. Bizkaian arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko eta lan arloko heziketan euskereak presentzia handiagoa izateko proiektu zabala da eta 2021 urterako 340.000 euroko diru-ekarpena dauka, esparru ezbardinetan eragiteko: lanbide heziketea, laneko prestakuntzea, enpresak, alkarte profesionalak, garapen agentziak eta merkataritza gune handiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu