Gorka Gaztanbidek disko barria dakar, Txikizio Kuadrilla lagun

Bizkaie! 2021-05-07 10:53   Musikea

Hamar abestitan bat eginda datoz artistearen bizipenak, idazleen testuak eta Anguitaren berbaldi bat.

Gorka Gaztanbide (argazkia: Gaztelupeko Hotsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Proiektu ugaritan bere ekarpen isila egin eta musikearen munduan eskarmentu baliotsua pilotu ondoren, proiektu barri baten buru dator oraingoan Gorka Gaztanbide, Txikizio Kuadrilla lagun. Diskoaren izenburua, hain zuzen be, Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla da, eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu dau. 

Gorka Gaztanbideren ahotsaz eta bateriaz gan, David Burgiren gitarrea, Kike Arzaren baxua eta Ramon Garciaren pianoa entzungo doguz disko barrian. Kantu batzuetan goi mailako kolaboratzaileak izan ditue, besteak beste Haizea Gaztanbide, Alberto Arteta eta Raúl Arizaleta.

Jazz, soul eta pop giroko hamar abestidun lan honetan, Gaztanbidek maite dituan doinuen oihartzunak sartu ditu, orekea maisutasunez bilatuta. Kantu hunkigarri eta intimoak dira, baina, aldi berean, bizi eta indartsuak. Artistearen bizipen personalak dira oinarrietako bat, baina Amaia Lasa, Angel Erro eta Gustavo Adolfo Bécquer idazleen testuak be tartekatu ditu. Ganera, Julio Anguita politikariaren berbaldi bateko berbak entzun leitekez momentu batzuetan. 

Egun bi baino ez zituan behar izan Gorka Gaztanbideren laukoteak diskoa grabetako. Musikari bakotxak bere pistea grabau beharrean, danak alkartu ziran estudioan eta batera grabau zituen pieza guztiak. Horrek naturaltasuna eta freskotasuna emoten deutso diskoari, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak azaldu dauenez. Sartagudako estudioan grabau eben, Javier de Mabelen gidaritza teknikoagaz.

Formatu fisikoan ez eze, ohiko plataforma digitaletan be eskuratu leiteke dagoeneko disko barria. Ahalegin artistikoagaz batera, ekonomikoa be behar-beharrezkoa izan da proiektu honek argia ikusi deian. Internet bidezko crowdfunding edo diru-bilketa arrakastatsu bati esker argitaratu ahal izan da Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla.

Bideoklipa be plazaratu dabe, Ni, zuekin abestiarena. Ikusi hemen.

Gorka Gaztanbidek ibilbide luzea dau musikagintzan, Desoreka taldean hasi zanetik proiektu ugaritan parte hartu dau. Seguruenez, Broken Brothers Brass Band taldean egindako ibilbide oparoak egin dau ezagun, baina ekarpenak egin ditu The Cheese & Road Ensemble, The New Soul Gang eta abarretan. Donostiako eta Getxoko jazzaldietan kontzertuak emon ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu