UEMA: 30 urte, 90 udalerri

Bizkaie! 2021-05-07 09:11   Euskerea berbagai

Asteon bete ditu hiru hamarkada euskerearen arnasguneak batzen dituan mankomunidadeak.

1991eko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen egindako batzarrean sortu zan UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea. Hortaz, asteon bete ditu 30 urte, baina hasierako asmoari eusten deutso: herritar gehienak euskaldun aktiboak diran udalerrien topagune izatea, alkarregaz indarra egiteko, gizarte euskaldunago baten alde. Azken baten, arnasguneak esaten jaken herriak batzen dira UEMAn.

Hiru hamarkadako bidean traba ugari izan ditu UEMAk, baina, funtsean, hazten joan da ia eten barik, gero eta lurgune zabalagoa eta biztanle gehiago hartuz. 1991n, UEMAren sortzaile izan ziran 19 udal. Gaur egun, 88 dira, 250.000 biztanleko eremua. Laster, Amasa-Villabona eta Zizurkil sartzen diranean, 90 kide izango dira. Guzti-guztietan, biztanleen % 70 edo gehiago euskaldunak dira.

Arnasguneak herri txikiakaz lotzen diran arren, urigune haziagoetan be bizi-bizirik dago euskerea eta arnasgune izan leitekez horreek be. Horren erakusgarri, gaur egun mankomunidadeko kide dira Tolosa, Bermeo, Azpeitia, Zarautz, Bergara eta Oñati, besteak beste. 

Datu horrek agirian ixten dau UEMAren hazkundea. Izan be, 1991ko herri sortzaileen artean, handienek ozta-ozta eukezen mila biztanle baino gehiago. Honeek izan ziran UEMAko lehenengo 19 kideak: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia.

Estatutuak onartuta, 1992an erregistrau eben UEMA. Lehenengo urteak gorabeheratsuak izan ziran. 1995ean, estatutuok legez kanpokotzat jo zituan Espainiako Auzitegi Gorenak, eta egokitu egin behar izan ziran, hasierako helburuei eta funtzionamenduari eutsita.

Bestelako helegite, gorabehera politiko eta eztabaidak ahaztu barik, esan leiteke UEMA indartzen joan dala urteek aurrera egin ahala. Gaur egun, erreferente da euskalgintzan, arnasguneetan egiten dauen lanari esker: besteak beste, tramiteak euskeraz egin ahal izateko, gazteei euskeraz bizi izateko aukerak emoteko eta udalerri euskaldunen garapena sustatzeko.

Maiatzaren 29an, UEMAren 30. urteurrena eta egindako bidea gogoratzeko ekitaldi txikia egingo dabe, Amasa-Villabonako Gurea antzokian. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak izango dira bertan, eta UEMAk 30 urteotan egindako bideari errepasoa egingo deutse, gaur egungo ildoak eta erronka barriak zehazteagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu