Maiatzaren 12an edegiko da Bertso Udalekuetako izen-emotea

Bizkaie! 2021-05-07 08:58   Bertsolaritzea

Bagilaren 9an emongo da txanden osoketearen barri.

2021eko udeak izango ditu Bertso Udalekuak: Azken hileotan prestaketa lanetan ibili gara, egoerearen bilakaereari erreparauta beti eta udalekuak egin ahal izateko baldintzak beteten ziran ala ez aztertzeko. Aurrera egitea erabagita, maiatzaren 12an edegiko da Bertso Udalekuetan izena emoteko epea, 10:00etan. Maiatzaren 21era arte lehentasuna izango dabe bertso-eskolako kiden diran edota gurasoetako bat Bertsozale Alkarteko bazkide daben umeek eta gazteek. Ondoren, baldintza horreek beteten ez dituen gainerako interesdunek bigarren epe bat izango dabe izena emoteko: maiatzaren 25etik 31ra, hain zuzen be eta egun horreetan be 10:00etan hasi eta amaituko dira izen-emoteak. Parte-hartzaileek egonaldi bakar bat aukeratu beharko dabe.

COVID-19aren aurrean hartu behar diran osasun neurriak kontuan hartuta, prebentzino eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinau eta aintzat hartuko ditugu indarrean dagozan neurri eta legeak. Egoerea aintzat hartuta, aurreko urteen aldean, talde txikiagoak atondu ditugu eta egonaldi laburragoak: horregaitik, zortzi txanda izango dira aurten eskainiko diranak.

Txandak

Sopelan, Orion, Uitzin eta Amaiurren izango dira txanda guztiak, garagarrilean; 9-18 urte bitarteko gazteentzako udalekuak izango dira.

Bertsozale Alkarteak atontzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskera Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker eta Irizar-en laguntzeagaz.

Parte hartzeko eta ordainketarako baldintzak

Izena emoterakoan parte hartzeko baldintzak onartu beharko dira. Ordurako horreek irakurri nahi izan ezkero, baldintzok jasoten dituan dokumentua hau da eta hari lotutako onartu beharreko fitxea be bai; holan, izena emoteko prozesua bizkortu egin daiteke egunean bertan.

Izen-emotea amaituta, bagilaren 9an emongo da txanden osoketearen barri. Erreserbea baieztatzeko ordainketa epe bat jarriko da eta behin udalekuetako txandea hasita ez da dirurik bueltauko. Udalekuak hasi bitartean, dirua bueltan hartzeko salbuespen batzuk hartuko dira aintzat egungo osasun egoerea tarteko.

Ordainketearen inguruko zehetasunak, txanden inguruko informazinoa eta ohiko galderen erantzunak topauko dituzu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu