Nazinoarteko artista ugari 56. Donostiako Jazzaldian

Bizkaie! 2021-05-07 08:32   Musikea

Brad Mehldau, Noa, Bill Frisell, Silvia Pérez Cruz eta Kenny Barron egitarauan dagoz, besteak beste.

Silvia Pérez Cruz Jazzaldian izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiaren bilakaerea zelakoa izango dan ezin danez ziurtasunez aurreikusi, 56. Donostiako Jazzaldiaren antolatzaileek ezin dabe behin betiko egitaraua zehaztu oraindino. Baina, behinik behin, nazinoarteko artista batzuek baieztau dabe jaialdian parte hartuko dabela eta, beraz, aurten be mundu osoko jazz eszenearen topagune izango da Donostia.

Emakumezko ahotsen Jazzaldia izango dala dinoe antolatzaileek. Oholtzan honeek entzun ahal izango doguz: Cécile McLorin Salvant; Noa, Iñaki Salvador donostiarrak pianoan lagunduta; Buikaren gozotasuna; Arlo Parks, Londrestik datorren sensazino barria; Aymée Nuviola kubatarra; eta Sílvia Pérez Cruz handia, Farsa Circus Band taldeagaz.

Era berean, pianoak be protagonismo handia izango dau Jazzaldian, besteak beste Kenny Barron etorriko dalako. Gonzalo Rubalcaba kubatarrak Karibeko doinuak ekarriko ditu Donostiara. Pianoaren birtuoso europarren artean aitatu leitekez Franco D'Andrea, Giovanni Guidi, Marcin Masecki...

Beste musika tresna batzuei begiratuta, Dave Douglas tronpetistea, Mulatu Astatke bibrafonista eta perkusionistea, Dave Holland baxua, Bill Frisell gitarristea eta Jean Toussaint saxofonistea topauko doguz. Eric Seva saxofonisteak Summit diskoari omenaldia egingo deutso Donostian. 

Jorge Pardo maisuak, Niño Joselek lagunduta, Chick Corea gogoratuko dau kontzertu berezi baten. La Locomotora Negrak, Kataluniako Jazz taldeen aitzindariak, agur esateko biran sartu dau Donostia; Azkenik, ezin dira ahaztu JazzEñen parte hartzeko hautatu diran 8 taldeen emonaldiak.

Osasun egoerea dala eta, antolatzaileek oraindino ez dakie artista bakotxak non, noiz eta ze baldintzatan joko dauen. Edozein kasutan, Donostiako Jazzaldia egiteko gogoz dagoz, zuhurtziaz jokatzeko garaia dalako, baina eskaintza kulturalari eustekoa be bai. Garagarrilaren 21etik 25era izango da Jazzaldia, eta sarrerak hurrengo asteetan hasiko dirala saltzen aurreratu dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu