1920ko hamarkadea, artearen begiradatik
2021-05-06 13:43 KultureaBilboko Guggenheim Museoan 300 objektu eta artelan baino gehiago ikusi leitekez, irailaren 19ra arte.
Ehun urte egin dau atzera Bilboko Guggenheim Museoak, gizartea eta artea goitik behera astindu zituan hamarkada baten errepaso zabala egiteko. Urte zoroak: 1920ko hamarkada erakusketea, BBKren babesaz, maiatzaren 7tik apirilaren 19ra ikusi ahal izango da.
Kunsthaus Zürich museoko Cathérine Hug eta Guggenheimeko Petra Joos dira erakusketearen komisarioak. 1920ko hamarkadeak ekarritako iraultza sozial, teknologiko eta artistikoa eta urte hareetan bizi izan zan baikortasun zoroa erakusteko, 300 bat objektu eta artelan batu ditue, besteak beste, pinturak, eskulturak, argazkiak, altzariak eta ikus-entzunezkoak.
Europako hainbat uritara hurreratuko da bisitaria museoko aretoetan aurrera egin ahala: Paris, Berlin, Viena, Zürich... Aurrerapenaren motorra izan ziran orain dala ehun urte, sormenaren eztanda bete-betean. Mundu Gerra batetik eta gripe espainiarraren pandemiatik urten barri, komisarioek uste dabe 1920ko urteetako baikortasunak aurrera egiteko indarra emon leikela gaur egun.
Zazpi ataletan banatuta dago erakusketako ibilbidea, orduko mobimentu progresisten arteko trukeak zehaztasunez agertzeko asmoz (Bauhaus, dadaismoa, objektibotasun barria...). Izan be, aniztasun formal handiko sasoia izan zan, eta erakusketeak ohiko klixeetatik harago joan nahi dau.
Gerra osteko traumearen amaierea, modearen iraultzea, lana eta aisia, gorputzaren nozino barriak... Areto bakotxean jorratzen diran gaiak ugariak dira. Erakusketea bera 202 eta 209 aretoen artean dago, eta, horren osogarri, didaktika proiektua be badago. 1920ko hamarkadan interes bizia eragin eben gai batzuk lantzen dira didaktikearen arloan, adibidez psikiatria, neurozientzia eta feminismoa.
Joan dan mendeko 20ko hamarkadeak eztandea eragin eban sormenean, liberazino erotikoan eta feminismoan; bestalde, nabarmen biztu zituan trauma, burruka eta ekonomia basatia, azaldu dau Petra Joosek. Aprobetxau daigun orduko esperientzia sormen-askatasunean konfiantzea izateko eta katastrofe handi baten sartuko gaituen hutsik ez egiteko.
Komisarioak Hug eta Joos diran arren, Calixto Bieitoren ekarpena be ezin da ahaztu erakusketea atontzeko orduan egin dauen lanagaitik. Arte plastikoen eta eszenikoen arteko hartu-emon berezia sortuz, eszenografia guztia diseinau dau Bieitok, gaiaz dauen ezagutzea erabilita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!