'Hizkuntza gitxiagotuak jagon, euskeraz bizi' liburua, gogoetarako tresna baliotsua
2021-05-06 11:52 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak Jagon sailean plazaratu dau.
Euskaltzaindiak Hizkuntza gitxiagotuak jagon, euskerab bizi liburua aurkeztu dau gaur Iruñean. Nafarroako Gobernuaren laguntzaz editau dau lan barria Euskerearen Akademiak eta mendeurrenaren harian atondutako XXIII. Jagon Jardunaldiko berbaldiak batu ditue liburura.
2019ko urtarrilean, Euskaltzaindiak Iruñean antolatu zuen Jagon Jardunaldi berezia. Jardunaldiaren helburuak ziran: hizkuntza gitxituei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu, beste lurralde batzuetan egiten dan lana Euskal Herrikoagaz batera buztartzeko, aldarte zientifiko egokia bilatuz. Bide batez, azken ehun urteetan Euskaltzaindiak euskerearen jagote lanean zer egin dauen erakutsi gura zan eta, horregaz batera, etorkizunean egin daitekenaren inguruan hausnartu.
Liburuak mintegian parte hartu eben hizkuntzalarien berbaldiak jasoten ditu, gehien-gehienak Europako mendebaldeko hizkuntza gitxituen egoereari buruzkoak, besteak beste, Mikel Zalbide euskaltzain osoaren hitzaldia dago liburuan (Euskaltzaindiaren ehun urteko jagon-lana: zenbait mugarri); Joan A. Argenterrena (Diversidad lingüística, diversidad lingüística en España y academias: ecologías, regímenes, instituciones); Elena Chiocchettirena (Language rights and minority language development in Italy: examples from the central Alpine arc); Jeroen Darquennesena (Reversing Language Shift in European language minority settings: a tentative general outline of contemporary challenges and strategies); Jean-Guy Talamonirena (De la création d’un champ littéraire à une politique de normalisation linguistique) edo Juan Carlos Moreno Cabrerarena (Análisis ideológico del concepto de ‘lengua regional europea’ y sus consecuencias glotopolíticas).
Gogoetarako bide
Prentsaurrekoan, Mikel Arregi Euskarabideako zuzendari-kudeatzaileak adierazo dau: Euskarabideak, Nafarroako Gobernuak, lagundu beharrekotzat jotzen ditugu holakoak, eta, hala, jardunaldien antolaketan lagundu ebala eta, orain, liburu honen argitalpenean be bai; pozik gagoz, ikusten baita onuragarria eta emonkorra dala Euskaltzaindiagaz batera eginiko lana.
Gogoratu dau urtero sinatzen dabela hitzarmen bat Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak eta ohartarazo dau hitzarmen horretan adosten dituela urte horretan diruz lagunduko dituenak ekarpen interesgarriak izan daitekezalakoan euskerearen corpuserako nahiz estatuserako. Bide batez, Arregik aurreratu dau gitxi barru sinatuko dabela 2021eko hitzarmena. Liburua igazko hitzarmenean egoan jasoa eta igaz argitaratu zan, orain aurkeztu bada be. Maminari erreparauta, Euskarabideako zuzendari-kudeatzaileak autortu dau ekarpen interesgarria egiten dauela argitalpenak.
Sagrario Aleman Jagon sailburuak be bat egin dau Arregigaz eta nabarmendu dau gogoetarako bide emoten dauen liburu baliotsua dala gaur Iruñean aurkeztutakoa: Europako mendebaldeko hizkuntza gitxituen egoerea aztertzen da liburuan, lurralde bakotxeko legeak zelakoak diran, eta abar. Hori dana ezagutzea ezinbestekoa baita jakiteko etorkizunean zelako pausuak emon behar ditugun, esan dau Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak: Liburuan ikusten da adituek hainbat ikuspegi dituela legeei buruz dabizenean. Hori bai, guztiek onartzen dabe legearen zirrikituak erabili behar dirala hizkuntza gitxituak aurrera eroateko, ohartarazo dau Alemanek: Bestelako galdera batzuei be erantzuna emoteko ahalegina dago berbaldiotan: Zer da berezko hizkuntza ofiziala? Zer da lurralde hizkuntzea? Eskubideak norenak dira, norbanakoarenak, komunidadearenak?. Bada, gogoetarako plaza barria jarri dau Euskaltzaindiak gizartearen esku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!