H.G. Wells euskerara ekarri dau Joxe Mari Berasategik

Bizkaie! 2021-05-05 10:40   Kulturea

Zientzia fikzinoaren aitzindarietako bat izan zan idazle ingelesa.

Hormako atea eta beste ipuin batzuk izenburupean kaleratu dau Elkar argitaletxeak H.G. Wells idazle ingelesaren ipuinen bildumea. Joxe Mari Berasategik itzuli ditu euskerara, Wellsen idazteko abilidadea, esku fina eta asmamena euskal irakurleari hurreratzeko asmoz. 

Fantasiazko eta zientzia fikzinozko literaturearen aitzindarietako bat izan Wells, baina genero ugari landu zituan bere ibilbide luzean. Liburu honetako zortzi ipuinetan be, irakurleak askotariko giroak, personaiak eta gaiak topauko ditu. 

Esate baterako, liburuari izena emoten deutsan Hormako atea kontakizunean, politikari garrantzitsu baten fantasiazko istorioa kontetan dau Wellsek: umetan lorategi miragarri baterako atea topau eban, eta orain saminez bizi da, ezin dauelako barriro hara bueltau. Azken ipuinean (Itsuen herrialdea), jente itsua bizi dan Andeetako haran sekretu bat aurkezten deusku. 

Kontakizun bien artean, danetariko egoeren eta personaien barri emoten dau Wellsek, irudimenerako eta narrazinorako gaitasun bikaina erakutsiz. Bere iragarpen utopikoetan eta etorkizuneko teknologietan, Wellsek zehaztasun handiz aurkeztu zituan gaur egungo irakurleari hurrekoak egiten jakozan egoerak, ipuinak orain dala ehun urte baino gehiago idatzita dagozan arren. 

Baina Joxe Mari Berasategi itzultzaileak liburuaren aurkezpenean ohartarazo dauenez, Wellsen ekarpena etorkizuna iragarteko gaitasuna baino zabalagoa da. Batez be, idazle ingelesaren ikuspegi soziala nabarmendu dau Berasategik. Bizi izan zituan gerra eta aldaketa sakonakaitik, mundu barri eta bidezkoago bat eregiteko gogoa agiri da Wellsen obran. 

Herbert George Wells (Bromley, 1866-Londres, 1946) fantasiaz eta asmakizun barriz betetako nobela eta ipuinei esker egin zan ospetsu gaztetan. Zahartu ahala, ikuspegi soziala sartzen joan zan bere idazlanetan. Orduko zein gaur egungo irakurleen irudimena astindu eban, eta zinemeak be sarri jo dau bere liburuetara idea bila.

XIX. mendearen amaiera-amaierako Denboraren makina eta Munduen gerra dira Wellsen liburu ezagunenen arteko bi. Gizon ikusezina, hori be fantasiazko literaturearen erreferentea, euskeratuta dago 1997tik. Orain, Hormako atea eta beste ipuin batzuk bildumeari esker, idazle ingelesaren beste zortzi kontakizun dagoz euskal irakurleen esku. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu