Argazki erakusketea, Mercabilbaoren 50. urteurrena ospatzeko
2021-05-05 08:56 KultureaMetroaren Zazpikaleak geltokian hamabi panel handi ipini ditue.
Erriberako merkaduaren eta Erronda kalearen inguruan egiten ziran salerosketak instalazino moderno eta egokietan batzeko asmoz inaugurau eben Mercabilbao, 1971ko maiatzaren 3an. Hau da, asteon 50 urte bete ditu gaur egungo kokalekuan, Basauriko Artunduaga inguruan. Mende erdian, Bilboko eta Bizkaiko banatzaile eta merkatarientzako erreferente bihurtu da, batez be elikadurearen arloan dabizanentzat.
Urteurrena ospatzeko, Mercabilbaok, Bilboko Udalak eta Bilboko Metroak bat egin, eta argazki-erakusketea antolatu dabe. Metroan bertan, Zazpikaleak geltokiko Unamuno urteerako korridoreetako hormetan ikusi leitekez formatu handiko argazkiak, hamabi paneletan.
Inaugurazino ekitaldian Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotzia, Aitor Argote Mercabilbaoko zuzendari nagusia eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusia egon dira.
Argazkien bidez, merkaduaren jatorriaren mugarri historikoak kontetan ditu erakusketeak: handizkako arrain salmentea Erriberako Merkaduaren behealdean; frutak eta ortuariak haren inguruetan eta Erronda kalean... Ondoren, orain dala 50 urte Basauriko lurretan Mercabilbao zabaldu ebeneko argazkiak dagoz, 1983ko uriolek eragindako suntsipena be agertzen da, geroko 1980ko hamarkadako susperraldira arte.
Azken paneletan azaltzen danez, eten bako barrikuntzei eta egokitzapenei esker, Mercabilbao 2021era heldu da, etorkizun oparoa aurreikusita, ganera. Bilboko eta inguruko eraldaketa ekonomiko eta soziala sustatzeko gai dan zerbitzu-enpresa publikoa dala azaldu dabe erakusketearen inaugurazinoan.
Horrezaz gan, Mercabilbaoren konpromiso soziala azpimarratzen dabe argazkiek. Esate baterako, orain dala 25 urte baino gehiagotik, Bizkaiko Elikagai Bankuaren kolaboratzaile da. Elikagaien jasangarritasuna be Mercabilbaoren arduretako bat da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!