Urduñatik Hiru Erregeen Mahaira, musikea eta mendia batuz

Bizkaie! 2021-05-05 08:06   Kulturea

Garagarrilaren 13tik 31ra egingo dabe II. Urmuga zeharkaldia.

Antolatzaileak eta erakunde babesleetako ordezkariak, Bilbon egindako aurkezpenean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko lehenengo edizinoak izandako arrakastea ikusita, 2021eko udan Urmuga barriro antolatzea erabagi dabe kulturearen eta mendizaletasunaren munduko hainbat lagunek, tartean Felipe Uriarte mendizaleak eta Miguel Zeberio musikariak. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dauen ibilaldia da. Bidean, historia edo paisaje aldetik esanguratsuak diran txoko ugari bisitauko ditue, eta musikari ospetsuen musikea entzun ahal izango da.

Aurtengo edizinoa garagarrilaren 13an hasiko da, Urduñako Garobel mendizerrearen inguruetan (Angulo mendatean, hain zuzen), eta hemeretzi eguneko zeharkaldian, Kantauri itsasora eta Mediterraneora doazan urak banatzen dituan lerrotik ibiliko dira gitxi gorabehera (hortik Urmuga izena). Mendirik mendi, garagarrilaren 31n amaituko dabe, Hiru Erregeen Mahaian. 

Bilbon egindako aurkezpenean, ekimenaren bultzatzaileek azaldu dabe Urmuga ez dala mendiko zeharkaldi arrunta, norberaren barruko bidaia be badala. Euskal Herriko ondare historiko eta naturala, euskerea eta euskal sortzaileak aldarrikatzeko modua be bada. 

Urmugako parte-hartzaileek zuzeneko kontzertu bikainez gozau ahal izan eben igazko udan, euskal mendietako paraje ikusgarrietan. Aurten, baina, eskaintzea gehiago zabaldu nahi izan dabe, artista gehiago konbidau eta estilo gehiago kontuan hartuta.

Egitarauan formatu handiko sei kontzertu eta formatu txikiko beste sei aurreikusi ditue. Et Incarnatus orkestrako kideak izango dira emonaldien oinarria, eta hitzordu bakotxean musikari eta talde konbidaduak izango dira.

Egitarauan dagoz, besteak beste, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Chill Mafia, Niko Etxart, Idoia Asurmendi, Gorka eta Nerea Urbizu eta Anari. 

Egun bakotxeko ibilaldiak errazak izango dirala ziurtatu dabe antolatzaileek, eta erropa egokia zein jateko pixka bat eroatea nahikoa izango dabe parte-hartzaileek. Aldatzeko erropea autobusean eroango dabe abiapuntutik helmugara. Behin eguneko ibilbidea amaituta, kontzertuaren txandea etorriko da. 

Zeharkaldi nagusiagaz batera, Urmugaren balioak zabaltzeko bestelako ekimenak be egongo dira. Esate baterako, 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzako ikastaroa atonduko dabe, naturan ibiltearen, elikadurearen eta segurtasunaren ingurukoa. Bestetik, naturea jagotearen aldeko mezua zabalduko dabe, eta, horren barruan, Aramaioko 250 bat urteko pago bat babesteko egitasmoaren parte da Urmuga. 

Euskal Herriko eragile ugarik babestuko dabe II. Urmuga, enpresa pribaduek zein erakunde publikoek. Bizkaiko Foru Aldundia da laguntzaileetako bat: Gure nortasunaren ezaugarri bi lotzen ditu Urmugak, mendizaleak garelako eta musikea gure DNAren parte dalako, adierazo dau Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendari Andoni Iturbek adierazo dau euskal erakundeen arteko alkarlana garrantzitsua izan dala Urmuga egiteko, adostasuna beharrezkoa izan da. 

Erakunde eta enpresen laguntzinotik hasi eta herritarren parte-hartzera, Miguel Zeberiok nabarmendu dau auzolanaren emoitzea dala egitasmo hau. Urmuga antolatzea persona askoren arteko ahaleginaren emoitzea dala azaldu dabe Bilboko aurkezpenean, baina ahalegin handi horrek merezi dauela dinoe, ekitaldi konplikadua baina zoragarria dalako. Landa eremura eta herri txikietara kulturea eroateko modua be badala nabarmendu dabe, sarri horreek eskualdeak zirkuitu kultural nagusietatik kanpo egoten diralako.

Felipe Uriarte antolatzaileak eta Ana Agirre koordinatzaileak dei egin deutse mendizale guztiei, Urmugan parte hartu deien: zuoi esker da hau guztia errealidade.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu