Jente likidoa protagonista Nerea Arrienen liburu barrian

Bizkaie! 2021-05-04 12:09   Kulturea

Ipuin bilduma honetan, personaia guztiak gizarte likidoaren zurrunbiloan noraezean dabiz.

Nerea Arrien, liburu barria eskuetan (argazkia: Erein/Paula Arbide) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zygmunt Bauman pentsalariak definidutako gizarte edo modernidade likidoa abiapuntutzat hartu dau Nerea Arrien idazle lekeitiarrak bere liburu barrian. Personaien likidotasuna oinarri, estiloagaz zein kontakizunakaz olgau dau, protagonisten bizitza arruntetan puntu sofistikadua bilatuz. Erein argitaletxearen zigilupean dator Jende likidoa

Ipuin edo kontakizunak batu ditu Arrienek liburuan, beraz, hainbat istorio eta personaia topauko ditu irakurleak. Baina kasu guztietan agertuko dira ezaugarri batzuk, gizarte likidoagaz lotutako giro bat. Maitasuna, ezebeza, bakardadea, irudiaren garrantzia... Gai ugarik zeharkatzen ditue personaien bizitzak. Sentimendu guztiak likidotasun horrek bustita agiri dira, zalantzearen olatuetan bueltaka erabili ditu idazleak personaiak.

Egunerokoari begiratzeko ahaleginean, urak be badauka pisua kontaketan, epikotasunetik urrun, zikintasunaren mugan. Horren lekuko dira irakurleak eten barik topauko dituan malkoak, baldeak eta estoldak. Urak egiten dauen legez, errealidadeak baretasunez, isilean, moldatzen ditu personen bizimoduak.

Fikzinoa da, bete-betean, Jende likidoa. Horrek ez dau esan nahi, baina, Nerea Arrienek gogoetarik egin ez dauenik errealidadearen eta gizartearen bilakaerearen inguruan. Baina idazlearen eta irakurlearen artean geratzen da hori, personaiak mundu likidoaren zirrikituetan bueltaka dabizan bitartean, horretaz konturatu barik. 

Azken baten, helduleku barik zalantzati, alde batetik bestera dabilena da jente likidoa. Bakotxa tanta bat balitz lez, marea likidoa osotzen daben personaiak dira Ana eta Jon, eskualidoa frenesian, arrain-saltzailea eta buzoa, ekatxen izenak dituen andrak, bebarru garbitzaileak, mapea tatuauta dauen labarretako arkitektoa, idazlea eta Gari Drake, Mai Elkano…

Nerea Arrienek (Lekeitio, 1976), ikasketaz biokimikaria eta lanbidez irakaslea dan arren, harribitxi literarioak plazaratzen ditu lantzean behin. Jende likidoa honen aurretik, irakurleen onespena izan dau Pentsatzeko txokoa, Atrapa eguna, Eskola hodeian eta Hirutter lanakaz. Sariak eta akzesitak be irabaziak ditu, Lizardi, Gabriel Aresti eta Julene Azpeitia sarietan, besteak beste. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu