VIII. Hitzez eta Ahotsez, Durangon
2021-05-04 09:35 KultureaJentaurreko irakurraldi girotua: maiatzaren 7an.
Jondako martian, Lorea Agirreren Maitasuna maiteminetik harago berbaldiagaz ekin eutsen aurtengo edizinoari, Arte eta Historia Museoan (Museoagaz alkarlanean). Apirilean, barriz, Mireia Delgado eta Uribarri Atxotegi durangarrek Maitasunaren material (ak) ikuskizuna eskaini eben San Agustin Kultur Gunean (Bizenta Mogel Bibliotekeagaz alkarlanean atondutako ikuskizuna, San Agustin Kultur Gunearen laguntzaz).
Hurrengo hitzordua Irakurraldi Girotua izango da, maiatzaren 7an:
Iraupena:Laburragoa izango da. Aurreko urteetako 6-7 orduko ekitaldiaren ordez, orainn ordubeteko saio bi baino ez dira izango.
Lekua: Plateruenean egiterik ez dagoanez, San Agustin Kultur Gunean egingo da. Eskertzekoa egoera berezi honetan bertan emon deuskuezan aukerak eta erraztasunak.
Partaideak: 300 lagun hurreratzen izan dira orain arte baina aurten 60 izango dira. Lastima handiz, zozketa bidez aukeratu behar izan ditue parte-hartzaileak.
Mugak muga, aurreko urteetan lez, aurten be zenbait lagunek eurek sortutako testuak irakurriko ditue: Geugaz izango dira, ondo bidean Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Madalena, Andoni Barrena, Leire Narbaiza, Ane Arbeo, Markel Sanchez, Bilguneko zenbait partaide edota Toni Atutxa.
Ondorengo idazleen testuak irakurriko ditue: Yolanda Arrieta, Josean Artze, Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Mari Luz Esteban, Joxean Artze, Arantza Urretabizkaia, Goizalde Landabaso, Joxe Azurmendi, Eva Perez-Pons, Lizar Bengoa...
Antzerkiak be izango dau lekua, Karrikako antzezleak dabiz prestaketa lanetan. Ander Ertzilla musikariak Elena Olaberen poema musikatuak eskainiko ditu eta Gorka Valdesek trikiti soinuan alaituko dau saioa. Bertsolariek be ez dabe hitzordura hutsik egingo: Erika Lagoma, Eneko Abasolo, Kristina Mardaras, Justo Alberdi, Unai Iturriaga eta Igor Elortza.
Urteroko hitzodura Luhartz taldea be batuko da maitasun girora.
Edozelan be, helburu nagusia irakurleak euskal literaturara hurreratzea da. Euskeraz irakurteari bildurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea. Zeozelan esatearren, euskeraz irakurteko zaletasuna handitzea. Bide hori hauspotzeko disziplina ezbardinetako eragileak batzea egokitzat jo dabe antolatzaileek: Parte hartze aktiboa oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun konsumo gizarte honek kultura arloan be konsumidutea, besterik ez dakar, kulturea era pasiboan konsumidu daigun, hain zuzen be eta guk beste bide bat jorratu nahi dogu, aktibetearen alde egin gura dogu. Mikroaren aurrean lehen aldiz jartea gogorra da askorentzat baina ahaldundutze modu bat be bada gure ustez. Konturatu gara, jentaurrean testua irakurten daben askok euskalduntasun titulua lortzen dabela herritarren aurrean, batez be euskerea ikasten dabizenen kasuan'.
2014an, ames batetik sortutako Hitzez eta Ahotsez herri ekimenak bizirik dirau antolatzaileon eta partaideen ilusinoari esker, aurten Maitasuna ardatz hartuta.
Durangoko San Agustin Kultur gunean, saio bi izango dira: 18:00-19:00 eta 19:30-20:30. Aforo mugatua. Ikus-entzule lez parte hartzeko erreserbak Arte eta Historia Museoan edota 946030020 telefonoan egin daitekez.
Pandemia egoera honek eragindako burukomin eta mugei aurre egiteko neurriak hartuta, aurten be eutsi egin nahi izan deutse Hitzez eta Ahotsez auzolanean egindako herri ekimenari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!