Badator Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea

Bizkaie! 2021-05-04 08:44   Bertsolaritzea

Bat-bateko kanporaketak gaur, martitzena, hasiko dira.

Entzuleak, adi-adi, 2020ko finalean (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko bertsolari gazteak plazan ikusi ahal izango doguz hurrengo egunotan, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketeari esker. Idatzizko modalidadean pasa dan astean ekin eutsen, eta orain bat-batekoaren txandea dator. Gaur, martitzena, hasita, hiru kanporaketa eta finala jokatuko dira.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak lankidetzan antolatzen dabe txapelketa hau 1984tik, urtero-urtero hutsik egin barik. Hortaz, 38. edizinoa izango da aurtengoa. 

Aurtengo Eskolarteko Txapelketearen bat-bateko modalidadean 23 bertsolari gaztek emon dabe izena. Lehenengo kanporaketea Getxoko Azebarrin izango da, gaur; bigarrena, bihar, hilak 5, Durangoko Kurutziagan. Hirugarren kanporaketarako datorren astera itxaron beharko dogu: hilaren 10ean izango da, Gernikako Astran. Saio guztiak 17:00etan hasiko dira.

Kanporaketa bakotxeko onenak maiatzaren 29ko finalera pasauko dira. Egun horretan, bat-bateko azken saioa jokatzeaz eta punturik gehien batzen dauenari txapela jazteaz gan, idatzizko modalidadean irabazleak nortzuk izan diran esango dabe antolatzaileek. Igorreko Lasarte aretoan da hitzordua, 11:30ean.

Pandemiak eragindako osasun-egoerea dala eta, neurri zorrotzak hartuko ditu Bizkaiko Bertsozale Alkarteak, bertsolari, antolatzaile zein ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko. 2020ko edizinoan Irune Basagoitik irabazi eban Eskolartekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu