Kimetz Garate: 'Alkarlanak dakarrena da indarra'
2021-05-03 07:55 BarriketanBizkaitarra, Martina Zurikaldai Neguri-ko gozogilea eta jaubea, 6. belaunaldikoa, txokolatezko Guernica sortzen ibilitakoa da eta Bizkaie! atariari zertzelada guztiak emon deuskuz.
Txokolatezko Guernica Gernikan dago eta egongo da gura dauenak ikusteko. Gernikako bonbardaketearen 84. urteurrenea bete da apirilaren 26an eta hitzordu seinalatua gogoratzeko mundu osoan, biztanleria zibilaren kontrako eraso larriaren sinbolo bihurtu dan Picassoren Guernica txokolatez egitea begitandu jakon sortu barria dan Euskal Gozogileen Federazinoari.
Lanketa prozesuan Euskal Herriko osoko lurraldeetatik etorritako 40 inguru artisau gozogilek parte hartu dau eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Artisau Gozogileakko gozogileek animauta beharrari ekin eutsen apirilaren 12an. Gipuzkoan, Lezon ibili dira gau eta egun. Koadroaren jatorrizko neurria (7,76 x 3,50) da, 500 kilo kakao eta txokolate baltza, zuria eta esneduna erabili ditue. Hamalau zatiko (1,10 x 1,86) benetako puzlea, papelean egindako zirriborroaren gainean, beharrizanaren arabera, txokolate zuria, baltza eta esneduna lantzeko.
1.- Euskal Herriko 40 inguru artisau gozogile ibili zarie beharrean baina idea norena izan zan?
Gipuzkoako Artisau Gozogileak ibili dira suspertze lanetan buru-belarri eta gero joan gara ganerako lurraldeetakoak batzen. Proiektua sano interesgarria begitandu jakun eta hasierako barriketaldietan azkar sortu zan idea, hau da, gozogileak batu eta alkarte edo federazino bat sortzea, hain zuzen be. Horretan gabiz eta erakundeen babesari esker, apirilaren 6an, ekin geuntsan Picassoren Guernica txokolatez egiteko beharrari.
2.- Horreek danak batu, koordinau eta beharrean jartea ez zan bromea izango. Horrenbeste jente batzeari esker ikasi be ikasiko zenduen talde lanaren garrantzia eta bestelakoak...
Jakina, holako jente pilaketetan asko ikasten da, batek zelan egiten dauen ha, besteak zelan jokatzen dauen egoera zehatzetan eta holako egoerak oso aberatsak izaten dira, lantaldea, kolaborazinoa, jarrera edegia izan da gurea eta lagunartean bizi izan dogun giro horretan gauza txarrik ezin urten.
Ganerakoan, Euskal Federazinora Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko gozogileak batu ginan baina Euskal Herriko osoko lurraldeetatik etorritako 40 artisau gozogile inguruk parte hartu dogu, baita Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik etorritakoak be. Talde handia batu gara eta ilusino eta gogo faltarik ez da izan.
3.- Gozogileak zarie, txokolate kontuetan eta adituak baina plantilak, diseinuak eta zirriborroak be egin behar izan dozuez
Bai, maila apalean baino ez bada be, diseinatzaile eta marrazkilari lanak be egin behar izan doguz, egurrezko panelak, panelok eusteko tresnak sortzen eta holakoetan be ibili gara. Guernica koadroaren neurriko fotokopia bat egin eta horretan oinarrituta plantilak zehaztu doguz, 14 zati, bata bestearen gainean ipinteko, kodroari ahalik eta errealtasun handiena emoteko. Koloreak aukeratu, txokolate baltza, zuria eta esneduna erabilita. Gozogileon esperientzia erabagiorra izan da eta aholku edo eretxi guztiak kontuan hartuta nahikoa erraza izan da prozesua,
4.- Jatorrizko neurriari eutsi ala txikiagoa egitea izan ziran aukerak eta azkenean jatorrizkoaren neurrikoa egin dozue (7,76 x 3,50). Zeintzuk izan dira zailtasunak?
Bai, txikiagoa egitea be proponidu eban bateren batek baina holako kontuetan sartzen bazara, jatorrizkoaren neurria hartzea da logikoena edo zentzunezkoena eta holan egin genduan. Prozesuaren hasieran, jatorrizko koadroaren neurriko fotokopia argitaratu eta ikaratu be egin ginan baina txiri-txiri hasi eta pare bat aste edo joango ziran, pentsetan genduana baino errazagoa izan zan eta zailtasunei jagokenez, koloreen buztarketea, zati edo plantilen arteko loturak eta holakoak baina lanak amaituta, zati horreek Gernikara eroateko zeregina nahikoa burukomin izan zan, 14 plantila edo zati ditu koadroak eta bakotxa 1,10 x 1,86 neurrikoa, danak ondo forrau genduzan baina edozein golpe edo kaminoko zulo txikiena atrapetea nahikoa da aitatu plakatan arrakalak egiteko; horrezaz gan, txokolatea ez urtuteko tenperatura egokia bahar zan eta bibrazinoak eta dardarak be ebitau behar ziran. Datu lez baino ez bada be, goizaldeko bostetan Lezotik urten eta Gernikara ordu bi aurrerago heldu zan kamioia, atara kontuak.
5.- Tututxuak erabilteak be gitxieneko trebakuntzea eskatzen dau, txokolate beroak zulotu egiten dau azala eta bateren bat erreko zan, ala ez?
Gure beharra da eta ohituta gagoz; nik dakidala erre ez da inor erre, sustorik be ez dogu hartu baina kontuan hartu txokolatea 39 gradu inguruan erabilten dogula eta hori ez dala erreteko modukoa. Hori bai kontu handiz ibili gara, txokolate gogorragaz ezin dalako behar egin.
6.- Apirilaren 6an beharrean hasi eta 25ean, Gernikan aurkeztu zenduen obrea, pare bat asteko beharra. Gitxi ala nahikoa?
Gustora ibili gara eta badakizu esaera zaharrak be zer dakarren: gustoko lanean aldatzik ez... [Barreka]. Sano inplikau edo endredau gara, pozarren heldu deutsagu beharrari eta norberaren zereginetatik aparte, askotan otordu barik, goizaldeko orduetan edo bakotxak ahal izan dauenean, Lezora joateko konpromisoa hartu dogu. Baina egia da loari, familiari eta lagunei orduak kenduta ibili bagara be, apirilaren 25ean Gernikan aurkeztu genduan obrea.
7.- Txokolatezko Guernica Gernikan egongo da eta aurrerago Baionara eta Parisera eroango dozue; Paristik Salon Du Chocolat-en eskabidea heldu jatzue abuztuaren hasieran bertara joateko. AFP France Press eta Reuters taldeen interesa biztu dozue, Japoniako komunikabide batzuena be bai...
Bai, geu be zurtz eginda gagoz eskabide horreekaz danakaz. Baina egia da, mundu zabalean sekulako oihartzuna edo erantzuna izan dau txokolatezko Guernica koadroaren gaiak. AFP France Press eta Reuters taldeek be emon dabe gure barri, Japoniako komunikabideetan be erreportajeak egin ditue, Pariseko Salon Du Chocolat-en eskabidea be heldu jaku.
Txokolatezko Guernica Gernikan (Ibarra kalea, 7 helbidean, Astra arma lantegi zaharraren aurrez-aurre) dago orain eta eskabide guztiak aztertu ondoren, Gernikatik Baiona, Sokoa, Bilbo, Madrilera zein beste leku batzuetara eroatea da asmoa.
Ipar Euskal Herriko zein Nafarroako gozogileakaz hartu-emonetan gabiz eta giro eta jarrera on horrek ekarriko dau mesedea.
8.- Alkarlanaren garrantzia nabarmendu dabe Gernikako alkate Jose Mari Gorroñok eta Eusko Jaurlaritzearen ordezkari Arantza Tapiak eta sortu barria dan Euskal Gozogileen Federazinoa alkarlanari esker sortu da. Nor dabil hor eragile?
Alkarlanak dakarrena da indarra, helburu jakinetan aurrera egiteko gogoa eta horixe da, hain zuzen, Gozogileon Euskal Federazinoa sortzeko arrazoia, danok bat gatoz eta inor zapaltzeko asmo barik, geure burua erakusteko balio dau alkarlanak.
9.- Zeintzuk dira Federazinoaren helburuak?
Gastronomiaren arloan gabiz beharrean, artisauak gara, taldearen lana eta ilusinoa, batasunak indarra dakar eta danok oinarri horreen bueltan ibiltea oso positiboa da.
Federazinoak lehenengo pausuak emon ditu, txokolatezko Guernica egitea izan da gure zeregin nagusia baina lantalde batzuk sortu dira honezkero eta martxan gagoz. Gozogileon artean, Gipuzkoan, jente gaztea dabil eta Bizkaian be jente gaztea sartzea gura geunke. Etorriko dira zeregin eta erronka gehiago eta gu beti egongo gara prest lan egiteko.
10.- Bonbardaketearen biktima guztiak omentzeko eguna da urteurrenekoa eta aurten Jose Labauriari, 1937an Gernika-Lumoko alkatea zanari gorazarrea egin deutse. Gerrako kazetariak eta George L. Steer gogoratzeko eguna, kultura unibersalean egun seinalatua...
Duda barik. Jazotakoak ez dira ahaztu behar, gazteek jakin beharko leukie orain 84 urte zer jazo zan Durangon, Gernikan zein Eibarren eta holako astokeriak barriro jazo ez daitezan danok egin geinke ekarpena, salaketak eginez eta maitasunez jokatuz aurrerantzean. Txikitatik beti bizi izan dogu bonbardaketea etxean, izan be, aitita-amoma gernikarrek bizi izan eben bonbardaketea eta niretzako hunkigarria izan da aurtengoa, baita aurreko urteurrenak be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!