Musikea Bilboko barruti guztietara eroango dau Musikauzok
2021-04-30 12:44 MusikeaMaiatzetik irailera 27 kontzertu egongo dira kalean.
Auzorik auzo ibiliko da beste behin Bilboko Udalak antolatutako Musikauzo programea, uriko zortzi barrutietako kaleak, plazak eta berdeguneak doinuz beteteko asmoz. Swing, pop, rock, funky, jazz... Danetariko estiloak entzun ahal izango dira, zikloan parte hartuko daben 22 bakarlari eta bandei esker.
Maiatzean, bagilean eta irailean 27 kontzertu programau ditue, danak eremu publikoetan: Kasilda Iturrizar parkean, Buiako kirol-gunean, Errekaldeko plazan, Begoñako Basilikearen atzeko plazan, Altamirako frontoian eta beste leku askotan.
Lehenengo emonaldia maiatzaren 5ean, eguaztenean, izango da, Castaños auzoko Funikularraren plazan, 19:30ean. Miren Narbaizaren MICE proiektuko doinuak entzun ahal izango ditue bertaratzen diranek. Rocka da MICEren abiapuntua, atmosfera ilunak, distorsinoak, tenpo geldoak, baina argitasunari lekurik kendu barik eta ahotsa oinarri dauela.
Ganerako talde edo bakarlariak honeek izango dira: Arantza eta Pantxo, Bilboko Txistulari Bandea, Cigarrette Breack, Confluence, Eider eta David, Iker Lauroba eta Beste Urtaroak, Jonu Kantautorea, Malú Garay Quartet, María Rivero & Tribu Banda, Masiompa, Mihailovic & Abi F., My Bastard Friend, Sutan Taldea, TBK - Txistuman Balkoitik Kalera, The Binilo´s, Xukelak, Zazkel, Trapala, Atxazo, Lur Jota eta Free like a Wind.
Kontzertuetara sartzea doban izango da, baina gonbidapena eskatu beharko da aurretik. Emonaldi bakotxa hasi baino 48 ordu lehenago zabalduko dabe erreserbetarako epea. Eskatzaile bakotxak jesarleku bi erreserbau ahal izango ditu gehienez.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!