Zelan sortu leiteke horren mendilerro ikusgarria horren laua dan lekuan?

Amaia Larruzea 2021-04-30 12:07   Ibilian-ibilian

Goazen alkarregaz geure mugen barruan dagoan lurralde magiko honetara.

Kantabriako mendilerrora abiatu gara, eta ez, ez dau ezelako zerikusirik Miguel Angel Revillak horren maite dauen eta alboan dogun lurraldeagaz, izen horregaz ezaguna dan arren; hau Araban dago kokatuta. Errioxagaz mugea eginez, bene-benetan gogoko dodan inguruan sartuko gara, neure kuriosidadea gehien biztuten dauen lekuetako baten. Oraindino ez dot ulertzen zelan sortu daitekeen horren mendilerro ikusgarri eta alpinoa horren laua dan leku batean. Ikaragarria iruditzen jat. Egun guztia pasau ahalko neuke paisaje honen kontrasteei begira eta zelan sortu zan pentsetan. Zer uste dozue zuek? Eragin zeuen buruari eta bidaiatu daigun alkarregaz geure mugen barruan dagoen lurralde magiko honetara.

Lagran herrira joko dogu, herri txikia eta berezia, benetan, antxinako erara antolatuta dagoena, hau da, plaza bat eta horren inguruan bizitza guztia. 158 bizilagun ibilten ei dira plaza horren inguruan barriketan eta herri txiki honetan biziten. Guk hemendik egin genduan aukerea, baina Guardiatik be, adibidez, badago Kantabriako mendilerrora sarbidea, baita beste hainbat txokotatik be. Lagrango hau, ostera, abiapuntu egokienetako bat da.

Orain dala hiru bat urte Palomareseko ertza egin neban eta ederra izan zan benetan, alboetara begiratu eta Errioxako eta Arabako alderik lauena ikusi, eta aurrera begiratzean, Dolomitetan egongo banintz lez sentidu.

Ohituta nago lurralde alpinoak ikusten, Durangaldean bizi nazalako, baina hemen dana da mendia, ez dago horren laua dan ingururik, horrexegatik harritzen nau Kantabriako mendikateko kontraste handiak. Errioxa eta Araba alkartzeaz gan, Burgosko eta Nafarroako lurraldeak be hartzen ditu bere baitan mendizerreak. Antxina, Toloñoko mendizerra izenez be ezaguna zan.

Hiru sektoretan banatu ohi da mendizerra eder hau: mendebaldekoa, erdigunekoa eta ekialdekoa. Bakotxean hainbat mendi ezagun eta itzel batzen dira, esaterako, mendebaldekoan, Toloño, Peña del Castillo, Peña del Leon, El Seron, Peña Colarada eta abar dagoz; erdigunekoan, barriz, Atxabal, San Leon, Vallehermosako gaztelua, Peña Roja, Artesilla, Palomares, Larrasa, Cruz del Castillo eta abar, azken honeek argazkiotan ikusten diranak, hain zuzen. Azkena, ekialdekoa, Nafarroako partea da, eta Marañon eta Lapoblacion doguz bertan, besteak beste.

Eskalatzaileentzako aukera asko eta danetarikoak eskaintzen dituen ingurua izateaz gan, erdi-goi mailako mendi ibilbideak be badagoz bertan oinezean ibilteko, eta hasierako bide lauek korrika egin nahi dabenentzat be aukera piloa eskaintzen ditue. Hortaz, sokeari lotuta, zapatilei egurra emoten edota oinezean gustura ibilteko aukerak ez dira falta. Gozau, bada, inguru zoragarri honetaz zeuk nahi dozun erara!!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu