Irurtzunen eta Zizur Nagusian egingo dira Zapla! egitasmoko hurrengo saioak

Bizkaie! 2021-04-30 11:31   Bertsolaritzea

Gai eta ariketa moldeakaz esperimentau gura izan dabe Nafarroan.

Gaur, hilak 30, barikua, zentzumenetan oinarritutako bertso saio berezia izango da Irurtzunen, 18:30ean. Domekan, barriz, Zizur Nagusian izango da hitzordua, bertsotramea, hain zuzen be.

Pasa dan astegoienean hasi zan Zapla!, Nafarroako Bertsozale Alkarteak bultzatuta. Pandemiak bertso plazEa ia desagerrarazo dauen honetan eta Nafarroako Bertsolari Txapelketea atzeratuta, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea da proiektuaren asmo nagusia. Gainera, kulturea eta bertsolaritzea, seguruak dirala erakusteko helburua be badau egitasmoak eta erantzukizunez atondu daitekezala. Era berean, txapelketeak eskatzen dauen saio/egitura zurrunetik harago, bestelako saio mueta, gai eta ariketa moldeakaz esperimentetako aukerea erabili gura izan dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak.

Esangura horretan, zazpi saio atondu ditue, Nafarroako zazpi herri bisitauko dituana. Pasa dan astean Lizarran eta Beran izan ziran lehenengo saioak eta beste bi saio izango dira gaur (hilak30) eta domekan (maiatzak 2).

Irurtzunen, zentzumenetan oinarritutako bertso saio berezia izango da, Maialen Belarrak gidatuta. Gai-jartzaileak zentzumenei kantari jarriko ditu hiru bertsolariak, Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo eta Sustrai Colina. 18:30ean hasiko da saioa, Kultur Etxean.

Domekan, barriz, 18:30ean, bertsotramea izango da Zizur Nagusiko Kultur Etxean. Beñat Astiz, Idoia
Granizo, Miel Mari Elosegi Luze, Sarai Robles eta Xabat Illarregi ibiliko dira bertsotan, Ander Aranburuk jarritako gaiei kantari. Bertso traman, hasieratik hartzen dau bertsolari bakotxak personaia baten rola eta horri eusten deutso amaierara arte, bidean zehar istorio oso bat harilkatuz.

Irurtzunerako zein Zizur Nagusirako, eskuragai dagoz sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu