Keu Agirretxeak 'Ahanzkinak' kantua aurkeztu dau
2021-04-30 09:47 MusikeaJon Badiolaren eta Aiert Goenagaren kolaborazinoak izan ditu.
Keu Agirretxea musikari ondarroarrak bere azken sorkuntzea aurkeztu dau, Ahanzturak izeneko singlea eta bideoklipa. Agirretxearen nortasun musikalari eutsita, konponketak eta ahotsa dira kantuaren ezaugarri nagusiak. Hortaz, orain dala hile batzuk Geruzak kantua plazaratu ebanean hasitako bidetik segidu dau.
Ikusi bideoklipa hemen.
Goi mailako laguntzaile bi izan ditu Agirretxeak Ahanzturak sortzeko orduan. Aiert Goenagak berbak idatzi ditu eta Jon Badiola produkzinoaz eta nahasketaz arduratu da. Programazinoak eta sintetizadoreak be Badiolak sartu ditu. Hortaz, Keu Agirretxeak musikea idatzi dau, eta, grabazinoan, gitarrea eta baxua jo ditu, abesteaz gan. Airaka diskoetxeagaz argitaratu ditu kantua eta bideoklipa.
Bidaia baten kontakizuna da Ahanzturak, Agirretxearen arabera. Detaileak mimo handiz jagonda dagoz eta elektronikeari lekua egin deutso. Bideoklipean tonu ilunak dira nagusi, itsasoko paisajeetan oinarrituta.
Keu Agirretxea (Ondarroa, 1973) bakarlari dabil azkenaldion, eta dagoeneko bederatzi disko argitaratu ditu, UEK bandearen barruan zein bere izenean; azkena, Ura eta bakea, 2019an. Ia hamarkada biko bakarkako ibilbidean kolaboratzaile ezagun ugarigaz egin dau behar, adibidez, Haimar Arejitagaz, Joseba Irazokigaz, Olatz Salvadorregaz eta Pablo Novoagaz.
Xabier Iriondogaz KX proiektu esperimentalean be parte hartzen dau. Antzezlanetarako musikea sortu izan dau eta 2017an Gitarra liburua argitaratu eban.
Horren guztiaren aurretik, baina, euskal musikan arrastoa itxi daben taldeetako kide be izan zan Agirretxea. Esate baterako, 1995etik 2002ra Etsaiak talde bizkaitar ospetsuaren parte izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!