Itsasoagaz lotutako ondarea aldarrikatuko dau Elkano Fundazinoak 2021ean
2021-04-30 08:49 KultureaBeste herrialde batzukaz hartu-emonak estutzea be bada asmoetako bat.
Elkano getariarrak munduari lehenengo birea emon eutsaneko 500. urteurrenaren ospakizunak azken txanpan sartu dira, hiru urteko espedizinoaren erdia baino gehiago eginda eukelako gaurko egunez orain dala bost mende zehatz. Urtero egiten dauen lez, Elkano Fundazinoak egitarau potoloa atondu dau 2021erako.
Hainbat ardatz edo helburu nagusi ditu aurtengo programazinoak. Batetik, eusal lurraldeak batzen dituan itsas ondarea aldarrikatzea; bigarrenik, mundu bireagaz loturea daben beste herrialde batzukaz hartu-emonak estutzea; hirugarrenik, ez dira ahaztu behar gogoetea eta dibulgazinoa.
Helburuok beteteko, jarduera ugari antolatu ditue, Gipuzkoako eta Txileko eskola-umeentzako postal-truketik hasi eta Udako Ikastaroen barruko saio bateraino. Egitarau potoloaren barri emoteko, agerraldia egin dabe Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok, Getariako alkate eta Elkano Fundazinoko presidente Haritz Alberdik, Fundazinoko zuzendari Ion Irurzunek, Urola Kostako Udal Alkarteko Lourdes Salsamendik eta Gipuzkoako Kultura diputadu Harkaitz Millanek.
Postalak mundu biran izeneko ekimenean, Magallaes eta Elkanoren espedizinoak orain dala 500 urte bisitautako lekuak lotu nahi ditue, besteak beste, Andaluzia eta Txile. Azken herrialde horretako 8 eta 12 urte bitarteko ikasleek eta Gipuzkoako eskoletakoek postalak bialduko deutsez alkarri, itsasoa ardatz.
Euskal Herri barruan be egingo dabe mundu birea, bizikletaz, kostaldeko zein barrualdeko herriak batuta. Ander Izagirre kazetariak liburu baten idatziko ditu ibilbidearen nondik norakoak, kulturzale eta txirrindularientzako ibilbide egonkor bihurtu daiten.
Alkarlanetik sortutako beste proiektu batzuk gauzatzen be segiduko dau Elkano Fundazinoak aurten, adibidez, Mundu biraren ubera zikloaren jarraipena eta Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizunaren estreinaldia. Azken hori EKEk bultzatu dau eta Koldo Amestoy ipuin-kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak hartuko dabe parte.
Ganera, Aranzadi alkartearen laguntzaz, planisferioa euskeraz argitaratuko dabe. Gazteentzako nobela bat eta espedizinoaren inguruko pastorala aurkezteko asmoa be badabe.
Ezagutzea zabaldu
Arlo akademikoan be urte oparoa izango da aurtengoa, egitarauan aurreikusitakoari kasu egin ezkero. Irailean egun biko mintegia egingo da Udako Ikastaroen barruan, orain dala urte biko saioei berrekinda. Programazinoa atontzen dabiz orain, baina izena emotea doban izango dala azaldu dabe. Galizian, Santiagon egingo dan nazinoarteko biltzar baten be jorratuko da lehenengo munduko birea, Elkano Fundazinokoen proposamenez.
Bosgarren mendeurrenaren inguruko nazinoarteko biltzar zabala be antolatu nahi dabe, baina Bingen Zupiria sailburuak adierazo dau hori 2022an egingo dala seguruenik.
Era berean, Más allá del mito y la epopeya: el País Vasco y la expedición Magallanes-Elkano en el contexto de la primera globalización liburua argitaratuko dabe.
2019an bete ziran 500 urte espedizinoak itsasora urten ebanetik, Espezieen Ugarteak helburu, eta munduari emondako lehenengo birearen protagonista izango zirala jakin barik. Elkanoren gidaritzapean Espainiara bueltau ziran dozena eta erdi gizon hiru urte geroago, 1522an. Datorren urtean izango da, beraz, lehorreratzearen 500. urteurrena.
Efemeride hori gogoratzeko, Getarian lau urterik behin antolatzen dan lehorreratzearen antzezpena gaurkotuta aurkeztuko dabe. Gure garaira ekarri nahi dogu, gure gizarteagaz bat datozen aniztasunaren eta errespetuaren balioak islatzeko, eta, bestetik, informazino barria gehitzeko, azaldu dau Harkaitz Millanek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!