'Womanology', José Ramón Prietoren bilduman oinarritutako erakusketea
2021-04-29 13:45 KultureaEmakumeek eginak dira obra guztiak, eta irailaren 5era arte ikusi ahal izango dira Bilboko Arte Eder Museoan.
Azken hamarkada biotan bere bildumea aberasten joan da José Ramón Prieto, aditua izan barik, baina ikasteko gogo handiz, Ana San Joséren laguntzinoagaz. Berezitasun nabarmen bat dauka Prietoren bildumeak, emakumeen artelanak batzen ditualako. Irailaren 5era arte, Bilboko Arte Eder Museoan ikusi ahal izango dira Prietok batutako obra esanguratsuenak, Womanology izenburupean.
Prieto eta San Joségaz batera, museoko zuzendari Miguel Zugaza eta erakusketearen komisario Lourdes Fernández egon dira erakusketearen aurkezpenean. Ganera, katalogoa idazten hartu dabe parte Manuela Mena historialariak eta Ángela Molina filologo, historialari eta arte-kritikariak.
Katalogoan José Ramón Prietok azaldu dauenez, bilduman emakumeen obrei lehentasuna emotea ez zan hasieratik pentsautako erabagia izan, bilduman sakontzen joan ahala sortu jakon ardurea izan da: Neure buruari galdetzen neutsan, kulturan, zientzian eta politikan horrenbeste emakume bikain egozala jakinda, zergaitik errealidade hori ez zan agertzen horren modu biribilean arte plastikoan eta musikan.
Emakume artisten errealidadea, ezinegonak eta sormena erakusteko ahalegin horren erakusgarri da erakusketea. Prietoren bildumako 43 obra batu ditu Lourdes Fernández komisarioak Arte Eder Museoan, 35 artistarenak. Izenburua, Womanology, Lynette Yiadom-Boakyeren pintura batetik hartuta dago.
Artelan guztiak XX. mendean jaiotako artistenak dira, Louise Bourgeois da zaharrena (1911n jaioa) eta Yiadom-Boakye gazteena (1977koa), baina gehienbat XXI. mendean egindako piezak dira. Nazinoarteko zein bertoko sortzaileak dira: Ana Laura Aláez, Cristina Iglesias, Dora Salazar, Ángela de la Cruz, Jenny Holzer, Marina Abramovic, Barbara Kruger, Elizabeth Peyton, Tatiana Trouvé...
Ganera, Susan Phillipsen soinuzko instalazinoa eta Jenny Savilleren arkatzezko marrazkia sartu ditue erakusketan, azken hori bildumako barriena, 2021ean sortua.
Womanology ez da estilo bakar baten erakusgarri, ikuskera eta jokera ugariren artean aukeratutako obren bildumea baino. Pop artea, minimalismoa, abstrakzino geometrikoa, neobarrokoa zein povera artea topauko ditu ikusleak, beste askoren artean.
Formatu handiko pieza ugari dagoz, eta pinturea, eskulturea, marrazkiak, grabadua, argazkigintzea eta bideoa dira formatu nagusiak. Danetariko obrak, baina danak alkarregaz lotuak, José Ramón Prietoren sensibilidadearen arabera.
Gai garrantzitsuak jorratzen dira artelanon bidez, batzuk ikuspegi oso personaletik landuak. Esate baterako, ez dira falta generoaren eraikuntzaz zein feminismoaz egindako gogoetak, emakumeen gorputzari eta ikonografiari eskainitako lanakaz batera. Alderdi estetikoari begiratzen deutsen piezak eta hausnarketa historikoak be badagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!