Pello Lizarraldek irabazi dau 2020ko 111 Akademiaren Saria

Bizkaie! 2021-04-29 12:25   Kulturea

Akademiakideek Argiantza eleberria saritu dabe.

Igazko etenaren ostean, aurten jentaurreko sari-emote ekitaldia egiteko asmoa dau 111 Akademiak, bagilaren 10ean.

111 Akademiak Pello Lizarralderi (Zumarraga, 1956) emongo deutso 2020ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideen eretxiz Lizarralderen Argiantza eleberria da 2020ko libururik gogokoena. 202 akademiakide dira momentu honetan eta horreetako 117k parte hartu dabe 2020ko sariduna izentetako 2021eko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru botazino txandetan. Lizarralderen lanak Joxean Agirreren Nobela errealista bat eleberria izan dau lehiakide azken bueltan.

Argiantza

Mundu bati, izate eta biziteko aldarte bati emoten jakon agurra. Atzean geratzen dan mundu horren arnasa eta denporearen sosegua sentiarazoten deutsoz egileak irakurleari. Literatura ale bikaina da Lizarralderena.

Obrearen laburpena irakurri ondoren ez dirudi liburuak irakurlea inora eroango dauenik, baina haren idazkeraz lantzen dauen poetikea bikaina da, deskribapen sentikorrakaz irakurlea gatibu geratzen da. Idazkerea maisutasun osoz erabilten dau eta emoitzea, zinez, ederra da.

Hogeitabosgarrena

Mende laurena bete dau aurten Euskal Herriko irakurleek emoten daben sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri eban martxan Beterriko Liburua literatur aitamena (aurrerago 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturearen plazan berbea eta protagonismoa emoteko asmoz. Joxean Agirrek irabazi eban lehen edizinoa Elgeta obreari esker eta gitxi falta izan jako idazle azpeitiarrari 25. urteurrenean barriro be saridun izateko.

Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:

• 1996 Joxean Agirreren Elgeta.
• 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak.
• 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri.
• 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion.
• 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean.
• 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua.
• 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua.
• 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.
• 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua.
• 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten.
• 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak.
• 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea.
• 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana.
• 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori.
• 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak.
• 2011 Harkaitz Canoren Twist.
• 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene.
• 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat.
• 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak.
• 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron.
• 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua.
• 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin.
• 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa.
• 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea.
• 2020 Pello Lizarralderen Argiantza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu