Euskeraz Olgetan martxan da Uribe Kostan

Bizkaie! 2021-04-29 10:29   Euskerea berbagai

Familietan euskerearen erabilerea bultzatzea da helburua.

Bueltan da barriro Euskeraz Olgetan, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunidadeak eskualdeko ume eta familientzat antolatzen dauen egitasmoa, euskerazko jarduera dibertigarriz betea: tailerrak, ikuskizunak eta beste ekintza ludiko batzuk dakarz programazino barriak. Maiatzetik urrira egongo da martxan, familietan euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz.

Pandemiaren eraginez programea bertan behera geratu ez daiten, Mankomunidadeak ahalegina egin dau Euskeraz Olgetan egoera barrira egokitzeko. Beraz, formatu barria dakar, baina betiko asmoari eutsiz. Etxetik parte hartu ahal izango dabe Uribe Kostako familiek jardueretan, www.euskarazolgetan.eus webgunearen bidez.

Maiatzean hasita, astero bideo bi igongo ditue webgune horretara, eta hurrengo aste bietan ikusi ahal izango ditue erabiltzaileek. Bideoetan, familia osoarentzako edukiak landuko ditue, Uribe Kostako herritarrek agertutako interes eta arduretan oinarrituta. Webgunea ez eze, Facebook eta Instagram be erabiliko ditue antolatzaileek egitasmoko nobedadeen barri emoteko. 

Bideoen bidez zabalduko diran proposamenen artean dagoz, esate baterako, STEAM trebetasunak lantzeko tailerrak, sukaldaritzea, artea, birziklapena eta meditazinoa. Ganera, ikuskizunak be egongo dira. 

Maiatzeko programazinoa zelakoa izango dan aurreratu dau Mankomunidadeak. Lehenengo astean, Udaberri gozoa ikuskizuna eta Jai Nai meditazino tailerra antolatuko ditue. Hurrengo astean, buztin polimerikoa eta kriseilu jasangarriak lantzeko tailerrak etorriko dira. Hirugarren astean, Bocabeats taldearen Ze demontre! ikuskizuna sareratuko dabe, baita mekanismo hegalarien tailerra be. Azken astean, etxeko xaboiak egiteko tailerra eta esku bionikoen ingurukoak ikasteko bideoa esegiko ditue. 

Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunidadean honeek herriak dagoz: Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu