‘Apaiz kartzela': munduko abade kartzela bakarra

Bizkaie! 2021-04-28 13:30   Zinemea

Gaur, hilak 29, izango da estreinaldia,16:00etan.

Ritxi Lizartzak, David Pallarèsek eta Oier Aranzabalek zuzendutako Apaiz kartzela dokumentala aurkeztu dabe gaur, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Lanak munduko abadeentzako kartzela bakarra, Vatikanoa eta Francoren artean Zamoran sortutakoa, izango dau ardatz eta frankismoaren zapalkuntzearen kontra erreakzionau eben abadeen burrukea ekarriko dau gogora, protagonisten euren kontakizunak ahaztu barik.

Bihar, hilak 29, arratsaldeko 16:00etan, eskainiko dabe Antzoki Zaharrean eta filmaren lan-taldeagaz batera, abade protagonistetako batzuk izango dira bertan: Xabier Amuriza eta Josu Naberan. 1968 eta 1976 artean 50 bat abade (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelan sartu zituen Francisco Franco diktadorearen errepresinoaren kontrako jarrerea erakusteagaitik. Sermoietan diktadurearen zapalkuntzea salatzeagaitik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituen abade horreek nekez ahaztuko ditue nazinoarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean emon zituen irudiak, izan be, Zamorako konkordatu-kartzeleari su emon eutsen bertan preso egozanek.

Honako hau mundu osoan izan dan abade kartzela bakarraren historia da, Francoren diktadura faxistearen eta Vatikanoaren arteko konkordatua zala eta sortutakoa. Eskubide zibilak defendiduteagaitik kartzelan sartu eta tunel bat eginda iges egiten saiatu ziran abadeen historia. Hamarkada batzuk aurrerago, diktadorea aspaldi hil zan arren, gure protagonistek eutsi egiten deutse memoriari, jazotako guztia ez ahaztuteko, izan be, luzea da Zamorako kartzelan preso egondako abadeen zerrendea eta horreetako askoren testigantzak batu dira dokumentalean: Xabier Amuriza; Josu Naberan; Juan Mari Zulaika; Eduard Fornés; Julen Kaltzada; Jon Etxabe; Periko Solabarria; Periko Berrioategortua; Juan Mari Arregi; Martin Orbe; Felipe Izagirre; Lukas Dorronsoro; Vicente Couce; Nicanor Acosta; Mariano Gamo; Josep Maria Garrido; Andreu Vila; Jose Antonio Calzada; Lukas Dorronsoro; Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz.

Francisco Franco diktadorea, Vatikanoaren konplizidadeaz, abadeentzat munduan eregia izan dan kartzela bakarraren egilea izan zan. Diktadorearen gehiegikeriei gogortasunez aurre egin eutsen abade hareek ez dabe justiziarik ezta errekonozimendurik jaso kartzelea zabaldu zanetik igarotako 50 urte otan, izan be, Espainian memoria historikoa konpondu bako kontua da oraindino be. Maria Romilda Servini epailea da horren lekuko. Argentinarrak Franco diktadorearen krimenen kontra planteautako kereilearen parte dira Zamorako kartzelan preso egondako 16 abade ohi. Bolada gogor hareetan, gizartearen aldeko konpromisoari sendo heldu eutsen abade hareen bizipenak barritu ditue filman, belaunaldi barrientzat ezezaguna baita Zamorako abade-kartzelearen historia eta, askotan esan deuskuen moduan, ezezaguna izateaz gan, kontau barik be badago.

Jazo zen sasoi haretan, 1965 – 1967 aldean, oso entzutetsua izan zan, besteak beste, orduko beste auzi politiko batzuekaz loturea izan ebalako: Burgosko Prozesua, esaterako. Jenteak ez dau ezagutzen 1968 – 1976 artean Zamoran abadeentzako kartzela bat egon zanik, azaldu dau Ritxi Lizartza zuzendariak.

Bada, 35 alkarrizketa egin ditue eta danak dagoz dokumentalean: Uste dogu horreen bitartez benetan kontetan dala historia eta uste dogu demokrazia aurreko ikur nagusienetako bat deskubriduko deutsagula publikoari. Protagonistei emon deutse berbea eta ahotsaren bidez, ikusleek abadeen sentimenduak ezagutu eta sufridu ebena ulertzea dabe helburu: Espero daigun filmak, polemikea baino, zeresana sortuko dauela. Ez dogulako holakorik gura, historia gizarteratzea baino.

Abade kartzela filma Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films etxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren babesari eta EITBren babesari esker, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazinoaren, Etxepare Institutuaren laguntzeagaz eta Berriaren, ZuZeuren eta Irutxuloko Hitzaren babesari esker.

Ritxi Lizartzak, David Pallarèsek eta Oier Aranzabalek bete ditue zuzendari lanak. Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dabe gidoia eta Maialen Sarasuak egin ditu edizino lanak. Era berean, Kote Camachok sortu ditu animazinoak. Azkenik, Alex Argoitiak landu dau irudi postprodukzinoa, eta Mediavox estudioetan jorratu ditute soinu-nahasketak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu