'Musikea Dibertigarria da' zikloa maiatzaren 7an hasiko da

Bizkaie! 2021-04-28 11:16   Musikea

Helburua da musikarako zaletasuna sustatzea.

Bilbao Sinfonietta Quartet | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzean, Bilboko Udalak Musika dibertigarria da - La música me divierte kontzertu didaktikoen zikloaren beste edizino bat jarriko dau martxan Bertendona Institutuan eta helburua da musika klasikoa eta hain ezagunak ez diran beste estilo batzuk ikusleei hurreratzea.

Programa honetan hainbat musika taldek parte hartuko dabe, lau kontzertu atondu ditue hileko bariku bakotxean, hilaren 7an hasi eta 28an amaitu.

Maiatzaren 7, 21 eta 28ko kontzertuetarako sarrerak 5 euroan dagoz salgai eta 14koak, barriz, umeei zuzendutakoa 2,5 euroko prezioa izango dau.

Lau hitzorduetarako sarrerak hemen. 

Gainera, sarreren % 10 gitxienez aretoan bertan egongo da eskuragarri, ikuskizun bakotxa hasi baino ordubete lehenago.

Egitaraua

Maiatzaren 7an, 18:30ean, Bilbao Sinfonietta Quartet (Zinemako soinu-bandarik onenak): Beatriz Alcalde, Zuriñe Inzunza, biolina; Lidia Miranda, biolea; eta Nora López, biolontxeloa.

Taldea kapaz da musika klasiko-garaikidea era askotako testuinguruetan emoteko. Zinemako soinu-banden artean kontu handiz hautatuako obrak eskainiko ditue, aurkezpen didaktikoa jorratuz, publikoarentzako esperientzia magiko eta argiz eta irudimenez betea.

Maiatzaren 14an, 18:30ean Musikarium Ilargi, umeentzako saioa (euskeraz). Musikariak, Xabier Zabala, Asier Elorza eta Igor Torre; Aurkezlea eta zuzendaritza artistikoa, Oihan Vega; Zuzendaritza musikala, Xabier Zabala.

Euskal Herriko eta beste leku batzuetako musika tresnak ezagutuko ditugu, kulturen arteko desbardintasunak eta antzekotasunak modu didaktiko eta dibertigarrian ikusteko.

Maiatzaren 21ean, 18:30ean, Sustrai Art Duo, XVII. mendetik XXI.era arteko musikea: Pía Rojas, pianistea eta Ibon Pérez del Palomar, txirulea.

2014an sortu zan bikotea eta Estatuko nahiz atzerriko urietan ibili izan da. Barroko, Klasisizmo, Erromantizismo, Inpresionismo eta Musika Garaikideko estiloetako errepertorioak eskaintzen ditue.

Maiatzaren 28an. 18:30ean, Argenta Backstage Ahots Hirukotea. Zarzuela, opera eta musikalen kontzertu didaktikoa: Adhara Martínez, mezzosopranoa; Jesús María Zaballa, baritonoa; Alberto Nuñez, tenorra; eta Georgina Barrios, pianistea

Kontzertu atsegina eta antzeztutako hari gidari dibertigarria: Operako hiru emakume kantari antzokian batu dira pianisteagaz batera. Bapatean, kamerinoetan dagozan bitartean, jaubetu dira badagoala publikoa antzokian...

Indarreko babes eta garbitasun neurriak bete beharko dira eta maskarea nahitaez erabili beharko da kontzertuotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu