Antonio Truebaren erakusketea ikusteko azken astea Abellanedan
2021-04-28 11:07 KultureaHistorialari, kronikagile eta idazlearen ganean egindako erakusketarik handiena da.
Antonio Truebaren jaiotzearen 200. urteurrena dala eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Abellanedako Enkarterrietako Museoak antolatutako erakusketea domekara arte, maiatzaren 2ra arte ikusi ahal izango da. Hortaz, azken astea da hau. Galdamesko historialari, kronikagile eta idazlearen inguruko orain arteko erakusketarik handiena dan horretan, jatorrizko ehun pieza baino gehiago dagoz, tartean liburuak, agiriak, elementu etnografikoak eta ilustrazinoak.
XIX. mendeko Bizkaian, Foruen defendatzaile eta euskal munduaren ordezkari ospetsuenetako bat izan zan Antonio Trueba (Galdames, 1819-Bilbo, 1889). Horregaitik, Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdamesko Udalak protokoloa sinatu eben, haren ekarpen zabala publikoari erakusteko eta jaiotzearen 200. urteurrena gogoratzeko. Horren ondorio da Abellanedako museoko erakusketea.
Material guztia behar dan moduan erakutsi ahal izateko, Enkarterrietako Museoaren erdiko nabea egokitu behar izan dabe. Iturri publiko zein pribaduetatik jasotako objektuen bidez, Truebaren bizitzearen, lanaren eta pentsamenduaren errepasoa topauko dau publikoak.
Ganera, Truebaren inguruko ikerlan kritiko eta sakona egiteari ekin eutsen hainbat adituk 2018an. Lantalde horretan dagoz Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedraduna; Montserrat Amores Bartzelonako Unibersidade Autonomoko irakaslea; Jesús Arrate XIX. mendeko gerrateetan aditua; Goio Bañales Enkarterrietako ikerlaria; eta Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendari teknikoa.
Talde horrek politikearen eta literaturearen ikuspuntutik ikertu dau Truebaren figurea. Gerra karlistek bere bizitzan izan eben eragina eta Enkarterrigaz, jaio zan eskualdeagaz, euki eban hartu-emon sakona be aztertu dabe. Ikerketa horrek egilearen ikuspegi barria emon dau, eta erakusketaren kontakizuna eregiteko oinarria izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!