David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak hil ditue Burkina Fason

Bizkaie! 2021-04-28 08:03   Pil-pilean

Legez kanpoko kazearen inguruko erreportajea egiten ebizala egin deutse eraso.

Roberto Fraile eta David Beriain | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kazetaritzearen erreferente bi hil ditue Afrikako Burkina Faso herrialdean, euren lana egiten ebizala. Hain zuzen be, legez kanpoko kazea ikertzea zan euren asmoa, gobernuz kanpoko erakunde batentzat dokumentala egiteko. Euren taldeari eraso egin eutsan talde armadu ezezagun batek, eta, ordu batzuez hareen barririk ez zan egon, harik eta Espainiako Atzerri Gaietako Ministerioak albiste txarra baieztau eban arte: erasoan hildako bi dira David Beriain nafarra eta Roberto Fraile bizkaitarra.

Gerretan eta bestelako gatazketan kazetaritza-erreportaje ugari egindakoa zan Beriain artaxoarra, Iraken, Mexikoko kartelen inguruan eta abar. Roberto Fraile barakaldarra, ostera, ikus-entzunezkoetan eta argazkigintzan aditua zan, eta urruneko sufrimendua Mendebaldeko gizartearen begien aurrean jarten asmau eban.

Burkina Fasoko agintariek ezin izan dabe zehaztu ze talde armadu dagoan hilketearen atzean. Terroristak aitatu ditu hango Gobernuak. Material ugari ostu eutsen taldeari, eta lau lagun bahitu: euskal kazetari biez gan, irlandar bat eta burkinafasoar bat. Laurak dagoz hilda, itxura baten. 

Erasoaren inguruko argibide askorik zabaldu ez dan arren, Beriain eta Fraile ingurune arriskutsuan ibili dirala garbi dago. Izan be, Burkina Fasoko Pama eskualdean trafikatzaileak, isilpeko ehiztariak eta talde terroristak ibilten dira. 

Eskarmentu handiko profesionalak ziran Beriain eta Fraile, aurretik beste gatazka askotan ibiliak. Ez ziran hasibarriak, baina inork ezagutzen ez dituan bidebakokeriak kontetako ahaleginak beti dira arriskutsuak. Mugarik Bako Kazetariak alkarteak adierazo dau kazetaritzea duintzen ebela Beriainek eta Frailek, eta atzokoa egun baltza izan zala.  

Euskal Kazetarien Alkarteak eta Kazetarien Euskal Alkargoak erasoa gogor salatu dabe, ez ditue onartzen informetako asmoz dabizan profesionalen kontrako mehatxuak, bahiketak eta, kasu honetan, hilketak. Bildurrak bildur, kazetariek zeregin horretan segidu behar dabela aldarrikatu dabe alkarte biek: informazino barik, salaketa-kazetaritza barik, ez dago askatasunik. Beriain eta Fraile lumea eta kamarea eskuan hil dituela dinoe. 

Kazetaritzeagaz lotutako erakunde eta komunikabide ugarik txarretsi dabe Beriain eta Fraile hil izana. Erakunde publikoetatik be heldu dira salaketa eta doluminak, Iñigo Urkullu lehendakariarena eta Nafarroako Gobernuarena, adibidez. Roberto Fraile Barakaldokoa zan ezkero, hango Udalak gaitzespen-mezua zabaldu dau, Amaia del Campo alkatearen izenean. 

Nazinoarteko gaietan aditu eta luzaroan Bizkaie!-ko kolaboratzaile izandako Zigor Aldama kazetariak hilketearen inguruan egin dau berba sare sozialetan. Lankide bien hurrekoei doluminak bialtzeaz gan, Iruñean David Beriain ezagutzeko aukerea izan ebala kontau dau, eta kazetaritzea modu duinean ulertzen ebala. Aldamaren ustez, prekariedadea da nazinoarteko barriemoleen arazoetako bat. 

David Beriainek baekian arrisku handiko kazetaritzea egiten ebana. Baina munduko bazterrik arriskutsuenetatik ekarritako istorioak kontau behar zituala garbi eukan. Halako leku baten hil eben atzo, idatzi dau Zigor Aldamak. Roberto Fraile be gogoan hartu dau, kamara atzean dagoanaren lana be aldarrikatzeaz bat. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu