Baigorri eta Ortzaizeko euskerea aztertu dau Koldo Zuazok
2021-04-27 13:53 Euskerea berbagaiHiztegi zabala dakar liburuak, 4.625 sarreraduna.
Nafarroa Behereko Baigorri eta Ortzaize ibarretako berbetea aztertzen ibili da Koldo Zuazo hizkuntzalaria azkenaldion, eta batutako datu guztiak Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara liburuan argitaratu ditu, EHUren laguntzinoagaz. Eskualde haretakoa ez eze, Nafarroa Behere osoko euskerea ezagutzeko tresna aproposa da lan barri hau.
Hain zuzen be, Nafarroa Beherearen hego-mendebalean dagoz horreek ibar biak, Nafarroa eta Lapurdiko mugatik ez oso urrun. Hamaika herri dira guztira. Bertako euskerea ondo gorde dabe hango hiztunek, eta, horri esker, Zuazok hainbat lekukogaz egin ahal izan dau berba, hango berbetearen ezaugarriak lehen eskutik ezagutzeko.
Liburua zati bitan banatu dau. Lehenengoan, Baigorri eta Ortzaize ibarretan egiten dan euskerearen gramatikearen azalpena egin dau, hango egitura berezietan arretea jarrita. Bigarren zatia hiztegia da, irakurleak Baigorri eta Ortzaizeko berbak ezagutu deizan. Hiztegi potoloa da, 4.625 sarrera, 934 azpisarrera, 75 esamolde eta 35 esaera zahar dakarz.
Koldo Zuazo Zelaieta hizkuntzalari eta irakasle eibartarraren ibilbide luzearen helburuetako bat da lekuan lekuko hizkerak ezagutu eta euskalkien errealidadea zehaztasunez azaltzea. Herri, eskualde eta ibar ugaritako hizkerak jorratzen dituen hainbat liburu eta ikerlan ditu argitaratuak, eta Mendebaleko zein Arabako euskalkien inguruko lan orokorragoak be eginak ditu.
Besteak beste, Sakanako, Mailopeko eta Sarako hizkeren ganeko liburuak idatzi ditu. Bizkaiko euskereari jagokonez, aitatutako Mendebaleko euskara-z gan (2017), Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko berbeten azterlan sakona egin eban 2016an, Urtzi Goitiagaz alkarlanean.
Ezagutza zabal horretan oinarrituta, euskalkien mapa eguneratua aurkeztu eban, eta hori da euskal hizkuntzalaritzan erabilten dan erreferenteetako bat. Euskera batuagaz eta estandarra lekuan lekuko hizkerakaz buztartzeko beharraz be badau ardurea, eta horren erakusgarri da 2019an ingelesez argitaratu eutsen Standard Basque and Its Dialects liburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!