Amaia Zubiriari emongo deutse 2021eko Adarra Saria
2021-04-27 12:55 MusikeaEuskal kantu tradizionalak gaurkotu dituala nabarmendu dau epaimahaiak.
Musikearen Europako Egunean emongo dau Donostia Kulturak 2021eko Adarra Saria, Victoria Eugenia antzokian egingo dan ekitaldian. Aurten, Amaia Zubiria kantariari egingo deutse gorazarre, 1970eko hamarkadatik hona egin dauen ibilbide musikal luzeagaitik.
Epaimahai edo aholku batzordean egon dira Jose Joaquin Forcada Forki kazetaria, Auria Etxeandia EGOko komunikazino arduraduna eta Esther Fernandino Donostia Kulturako teknikaria. Aho batez hartu dabe Amaia Zubiria saritzeko ebatzia.
Donostia Kulturako ordezkariek adierazo dabenez, aparteko gaitasuna dauen interprete eta musikagilea dala agirian itxi dau Zubiriak. Funtsezko eragina izan dau haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. Euskal kantu tradizionalak gaurkotzen egin dauen lana azpimarratu dabe, baita pelikuletako soinu-bandak sortzen izandako parte-hartzea be.
Amaia Zubiriak berak adierazpenak egin ditu, Adarra Saria emongo deutsela jakin barritan: Bizitza asko izan dodaz. Eta horreetako bakotxa zirkulu lez ikusten dot. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Ganera, uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat ixten saiatzen naz, batek daki. Adarra Saria holan bizi dot, musikearen zirkulu honen amaiera lez. Hurrengoaren hasierea, beharbada.
Bagilaren 21ean, Eneko Goia Donostiako alkateak emongo deutso Adarra Saria. Ondoren, kontzertua emongo dau Zubiriak, artista asko alboan dituala: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino... Kolaboratzaileen artean, Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia egongo dira oholtzan.
2014tik emoten dau Donostiako Udaleko Kultura Sailak Adarra Saria, euskal musikagintzan ibilbide edo eragin nabarmena daben sortzaileei autortzea egiteko. Orain arteko sarituak Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak eta Kepa Junkera izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!