'Ezagutzea da txertoa' lemapean emon ditue CAF-Elhuyar Sariak

Bizkaie! 2021-04-28 08:02   Kulturea

Nahia Seijas, Ainara Sangroniz, Iñaki Sanz eta Asier Alvite izan dira irabazleak.

Donostian emon ditue CAF-Elhuyar Sariak (argazkia: Elhuyar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zientziaren dibulgazinoan eta gizarteratzean euskeraz egiten dan lana autortzeko, CAF-Elhuyar Sariak banatu dira, Donostian egindako ekitaldian. Gaur egungo egoerea gogoan, Ezagutzea da txertoa izan da aurtengo leloa, eta, antolatzaileen arabera, zientzialariek eta ikertzaileek bete-betean egin dabe bat horregaz, merezimendu handiko lanak aurkeztu ditue eta. 

Aurtengo edizinoan 64 hautagai egon dira. Hona hemen irabazleak:

- Dibulgazino-artikulu orokorra: Nahia Seijas Garzon amurrioarrak irabazi dau, Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen artikuluagaitik. Historia modu atsegin eta erakargarrian kontetan dauela nabarmendu dau epaimahaiak.

- Egilearen doktore-tesian oinarritutako artikulua: Ainara Sangroniz Agudo elgetarrarentzat izan da, Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako lanagaitik. Gaur-gaurko gai bati erantzuteko ahalegina aitatu dau epaimahaiak.

- Zientzia-kazetaritza: Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak idatzitako Etxeko leihoak naturaren behatoki izan da irabazlea. Gaurkotasuna eta egilearen ikuspegi personala buztartu izana txalotu dabe epaimahaikideek.

- Neiker Sari Berezia, Lehen Sektoreko lanak: Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear? artikulua idatzi dau Asier Alvite Arregui zumaiarrak, eta epaimahaiak aintzat hartu dau barritzailea izatea eta barrikuntza teknologikoak kontuan hartzea.

Irabazle bakotxari 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskulturea emon deutsez. Kategoria bakotxean sari bakarra emoten dan arren, aitamen berezi bi egin nahi izan ditu epaimahaiak. Batetik, Zientzia-kazetaritzearen atalean, Jon Urzelairi; bestetik, Lehen Sektoreko kategorian, Helene Sanchez Zelaia durangarrari. 

Beste alde batetik, CAF-Elhuyar Sarien barruan, urtero 5.000 euroko diru-laguntzinoa emoten deutse zientziaren eta gizartearen arteko zubilana egiten dauen proiektu bati. Aurten, laguntzinoa proposamen biren artean banatzea erabagi dabe antolatzaileek. Itxaso Navarro da aukeratuetako bat, eta Ander Gortazar-Jacek Markusiewicz bikotea da bestea. 

Azkenik, Merezimendu Saria Jabier Agirre Lasarte medikuari emon deutse, euskalgintzan eta medikuntzan egin dauen bide luzeagaitik. Zientziaren dibulgazinoan eta euskerearen normalkuntzan egin dauen lana autortu nahi izan deutse antolatzaileek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu