Naturguneetako bidezidorren eskaintzea zabalduko dabe
2021-04-27 08:15 KultureaLezama eta Gaztelugatxeko bide berdean egingo dira lanak.
Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Jagoteko BFAko foru diputadu barriak agerraldia egin dau, lehen aldiz, Bizkaiko Batzarrak erakundean, bere sailak datozan hilebeteetarako eta legegintzaldirako dituan lehentasunak azaltzeko. Lehenengo neurrien artean, Elena Unzuetaren ordezkoak iragarri dau datozan hilebeteetan bidezidor barriak jarriko dituela martxan naturaz errespetuz gozau daigun, pandemiak gure naturguneak gehiago balioetsi ditualako. Proiektu bi aitatu ditu: bata, Bilbo eta Txorierri –Lezamako Bide Berdea– lotzen zituan trenbide zaharra berreskuratzeko eta bigarrena, Gaztelugatxeko Doniene ingurunean, aurrerago ezagutuarazoko diran beste proiektu batzuez gan.
Roberto Cañón eta Josu Bilbao zuzendariakaz batera, Antxustegi Bizkaiko Batzarretako Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Jagoteko Batzordera etorri da bere ekimenez eta Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatuta. Talde horreek arlo estrategikoak eskatu deutsee klima-aldaketearen kontrako politiketan, nekazaritza-sektoreko politika zirkularretan, lurraldeko baso-kudeaketan, Trianoko mendietako larre-eskubidean, Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean (PRIGRUB) edo uraren kudeaketan.
Datozan hilebeteetan, Antxustegik zuzentzen dauen sailak Bizkaiko Tokiko Hondakinen Plan Integrala amaitu gura dau. Udalakaz batu eta Jasangarritasun Kontsejuan egoerea aztertu ostean, Antxustegik esan dau tramitetan hasiko dirala, udalerrien parte-hartzeagaz Hondakinen kudeaketearen norabidea markauko dauen plan bat onartzeko.
Basoei jagokenez, haren sailak beste pauso bat emongo dau banda marroiaren eta eukaliptoaren kontrako burrukan. Aldundiak 12 urte daroaz eukaliptoaren landaketea diruz lagundu barik, baina sektoreari laguntzeko plan barri bat onartuko da, aldaketa bigaz: diru-laguntza arloen artean baso eta klima zerbitzuak sartzea eta basoak jagotea eta horrek esan gura dau diruz lagunduko dala baso-kudeaketea jasangarriagoa bilakazeko metodoak apliketea, baso autoktonoak konserbau eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak bultzatzea. Bigarrena, eukaliptoa landatzea ekarriko dauen osasun-mozketarik ez dala finantzeauko. Ganera, gitxieneko mozteko txandea 15 urtera luzatuko dogu. Basobarritzeko politika horregaz batera, bertako zugatzak landatzeko lurzoru pribadua erosi eta Bizkaiko baso-ondarearen bilduma bat sortuko da.
Hondartzen denporaldiari jagokonez, Antxustegik uste dau aurreko urteko funtzionamentu eskemea errepetiduko dala, baina ohartuarazo dau Eusko Jaurlaritzearen osasun jarraibideei jarraituko jakela; jarraibide horreek egoera epidemiologikoak eta maiatzaren 9an alarma-egoerea amaitzeak baldintzatuko ditue.
Datorren astean, Foru Gobernuak Energia Jasangarritasunerako batzordea sortzeko foru dekretua onartuko dau. Batzorde horrek arlo horretako sailen jarduerak koordinauko ditu, Energia Jasangarritasunerako Legearen gidalerroei jarraituz.
Lehen sektorean, plan estrategikoa egiten eta ostean ezarten jarraitzeaz gan, foru arduradunak nabarmendu dau bere sailak lehen sektorearen belaunaldi-erreleboan jarriko dauela arretea eta gazteak bertan sartzea sustatuko dauela, sektorearen batez besteko edadea 49 urtekoa dalako. Sektore honek Foru Aldundiak 0 kilometroko produktuen konsumoa sustatzeko eta tokiko merkaduen antolaketea bultzatzeko emongo dauen arretearen onurea jaso ahal izango dau eta sektorearen profesionalizazinoaren alde be egingo da lan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!