Dendetarako Ticketbai aplikazinoa euskeraz ipinteko eskatu dau UEMAk

Bizkaie! 2021-04-26 12:32   Euskerea berbagai

Fakturak eta tiketak euskeraz egiteko modurik ez dago euskeratu bako aplikazinoa instalau ezkero.

2021eko urtarriletik martxan dago Ticketbai aplikazinoa, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzeak zerga iruzurrari aurre egiteko tresna barria. Berau erabilita, dendari, ostalari eta ganerako saltzaileek egindako salerosketa guztietan modu automatikoan sortzen da fakturea. UEMAk ohartarazo dauenez, baina, fakturak eta tramiteak euskeraz egin ahal izatea ez dago bermatuta. 

Kontua da ze, Ticketbaigaz bateragarriak diran 149 aplikazino baimendu dituela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, baina horreetatik 34k baino ez dabe euskerazko bersinoa (% 23). Behin euskeratu bako aplikazinoetako bat instalauta, dendariak ezin izango dau euskeraz fakturarik sortu, ez dagozalako horretarako konfigurauta. 

Orain, aplikazinoak erabiltea ez da derrigorrezkoa, datorren urteko urtarrilera arte. Horregaitik, erakunde publikoak Ticketbairen onurak azaltzen eta berau erabilteko jarraibideak emoten dabizanez, UEMAk aprobetxau dau euskerazko aplikazinoen alde egiteko eskatzeko. 

Udalei dei egin deutse UEMAk, merkatari eta ostalariakana mezu hori eroan deien. Beharrezkoa ikusi dogu udalen bidez saltokietara heltzea, euskerazko aplikazinoak jarri deiezela eskatzeko, gero herritarrei be ticketak eta fakturak euskeraz egin ahal izateko, azaldu dau UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok. 

Gutunak bialdu deutsez UEMAk mankomunidadeko kide diran udal guztiei, behinik behin arnasguneetako dendari eta ostalariek egoerearen barri izan deien, eta herritarrakaz euskeraz egitea bermatuko deutsen aplikazinoa aukeratu deien. Hiru gutun eredu idatzi ditu UEMAk, sektorearen arabera, baina lehentasuna merkataritzeari emongo deutse, herritarrek egunero erabilten dituen zerbitzuak diralako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu