'Uharte bat Venusen' liburua aurkeztu dau Xabier Amurizak
2021-04-26 07:50 KultureaFikzinozko kontakizuna dan arren, bere pentsamendua agertu nahi izan dau.
Mundu edo zibilizazino aurreratu bi aurrez aurre jarri ditu Xabier Amurizak bere liburu barrian, bata gurearen antzekoa, eta bestea urrunagokoa, desbardina, baina garapen kultural handikoa. Horixe da Uharte bat Venusen obrearen abiapuntua, fikzinozko istorio bat eregiteko bidea. Baina fikzino horretan badago errealidadea aztertzeko gogoa, Amurizak bere pentsamendua adierazo nahi izan dau.
1971n Amurizak berak itzuli eban Aldous Huxleyren Bai mundu berria liburuak erakutsi eutsan Uharte bat Venusen idazteko bidea. Urteetan batutako ideak eta testuak ordenau eta kontetako modua Huxleyren obrearen antzekoa da, baina alderantziz: kasu honetan, zibilizazino atzeratu batek aurreratu bat ezagutu beharrean, aurreratuak dira alkarregaz topo egiten daben mundu biak.
Zibilizazino barrian geratzea erabagiten dauen pertsonaiari galderak etorriko jakoz behin eta barriro, mundu bien arteko kontrasteagaitik. Deigarria bada be, Amurizak dino berak bere burua erosoago ikusten dauela beste zibilizazino urrun haretan, bere burutazino asko han gauzatu ditualako, fikzinoan bada be.
Euskerea da mundu barri harek daukan ezaugarri berezietako bat. Gure zibilizazinotik doazenentzat harrigarria da hangoek darabilen euskerea, gaur egungo euskera batua baino aurreratuagoa dalako, Amurizaren ustez behintzat. Hor agirian geratzen da bertsolari eta idazleak urteetan egin dauen ahalegina, euskera batu erabilgarriago bat egiteko.
Oraingoan, baina, ez dau saiakera potolorik idatzi, gurago izan dau fikzinoa erabili bere ikuspuntua emoteko. Era horretara, irakurleari emon deutso esandakoak gogoan hartzeko aukerea, eta jentea ados egon zein ez, ariketa literarioa egin izanagaitik gustura dago Amuriza. Ganera, autoedizinoa da Uharte bat Venusen (Lankuren laguntzaz argitaratua), eta, horri esker, lehenago plazaratu ahal izan dau.
Azken baten, Xabier Amurizaren pentsamoldearen legadua da honako hau, liburuaren aurkezpenean azaldu dauenez, baina forma literarioduna. Bere ezinegon intelektualak beste mundu baten kokatu ditu, baina hemengorako baliogarriak izango diralakoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!