Memoriaren eta pakearen aldeko aldarria zabalduko dabe Gernikatik
2021-04-26 08:44 Pil-pileanGaur, apirilak 26, Gernikako Bonbardaketearen 84. urteurrena.
Gogoratzeko eguna da apirilaren 26a Gernikan, orain dala 84 urteko sarraskian jazotakoa gomutara ekarri eta barriro jazo ez daiten aldarrikatzekoa. 1937ko apirilaren 26an, Francoren aldeko hegazkin alemaniar eta italiarrek 5.000 bonba baino gehiago jaurti zituen uriaren kontra, eta ehundazak lagun hil ziran.
Memoriaren eta pakearen aldeko aldarri bihurtu dira apirilaren 26ko ekitaldien ardatza, Gernika-Lumo bera be pakearen uri bihurtu dan ezkero. Urtero legez, bonbardaketearen biktima guztiak ez eze, egun haretan adore handiz jardun ebenak omenduko ditue. 12:00etan, Jose Labauriari, 1937an Gernika-Lumoko alkatea zanari egingo deutse gorazarrea, haren eskulturan.
Ordu erdi geroago, gerrako kazetariak omenduko ditue, sarritan hareek diralako gerretako basakeriak mundu osoari kontetako bitarteko bakarrak. George L. Steer ezinbestekoa izan zan Gernikan jazotakoaren egia nazinoartean zabaltzeko, eta horregaitik, haren eskulturea izango da ekitaldiaren gunea.
Bazkalostean be etorriko dira ekitaldi hunkigarri ugari. Lehenik eta behin, 15:45ean, sirenak jo eta lau minutuko isilunea egingo dabe, bonbardaketearen ordua gogoratzeko. Igaz, pandemiaren eraginez, Astratik biztu eben sirenea, baina aurten betiko lekura bueltauko dira, babeslekura. Durango 1936 alkartekoek biztuko dabe sirenea aurten.
Zalloko hilerrian lora-eskaintzea egingo jake bonbardaketan hildakoei, baina aurten ez dabe Bakearen eta Adiskidantzearen Gernika Saria emongo. Kandelen ibilbidea Foruen plazan hasiko da, 20:00etan.
Erakunde publikoek ez eze, eragile eta alkarte ugarik hartzen dabe parte urteurreneko ekitaldietan. Esate baterako, gaur egun osoan doban sartu ahal izango da Pakearen Museoan. Bisita gidatuak egingo ditue 12:00etan (euskeraz) eta 13:30ean (gaztelaniaz). Gernika Memoriaren Lekuko plataformeak be ekitaldi ugari antolatu ditu egunotan.
Euskal Gozogileen Alkarteak be bat egin nahi izan dau Gernikako Bonbardaketearen 84. urteurrenagaz. Alkarteko 40 gozogile inguru ibili dira egunotan Picassoren Guernica koadroaren txokolatezko erreplikea egiten, jatorrizko tamainuan. Atzo, domekea, heldu zan Gernikara txokolatezko Guernica, eta urian egongo da, nazinoartean birea hasi aurretik.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Euskal Gozogileen Alkartearen lana eskertu eban, eta pozik agertu zan Gernikan bertan ikusi ahal izango dalako txokolatezko sorkuntzea. Lezoko pabilioi baten ibili dira berau egiten, tona erdi txokolate erabilita.
Eusko Jaurlaritzako sailburu Arantxa Tapiak adierazo eban alkarlanari esker egin ahal izan dala halako pieza bat, eta etorkizunean be lankidetzeak emoitza onak emongo ditualakoan dago. Picassoren koadroa euskal sinbolo unibersala dala aitatu eban Tapiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!