2021/04/26 12:00
Bilboko Udalaren webgunean, online. | BerbaldiakIkusgarritasun Lesbikoaren Eguna: 'Bagara/Somos'
Bilboko Udalak kanpaina instituzional barri bat jarri dau martxan, Bagara/Somos, gizartea sensibilizetako emakume lesbianen errealidadeaz. LGTBIQ+ arloko politiketan adituak diran Beatriz Gimenok eta Irantzu Varelak egindako webinarra ikusi ahal izango da online, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, hemen.
Kanpaina honen bidez, Udalak herritarrak animetan ditu aztertu deien zer zeregin bete daben emakume lesbianek kulturan, hedabideetan eta espazio publikoan era batera edo bestera agertzeko orduan, hor zer ibilbide egin daben, edo zer absentzia eta presentzia izan daben.
Lesbianak ikusgai eta eskubidedun
Apirilak 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, oraindino gatxa da ikusgarritasun hori aldarrikatzea pandemiaren testuinguruan. Lesbianak badagoz egon eta harro egoteko arrazoi asko.
Oraindino be, lesbianak ikusezinak dira gure jendarteko hainbat esparrutan: eskolan, familian, lanean, kalean… Eta zer esanik ez lesbiana nagusiak, migratuak edo asilo-eskatzaileak diranean.
Ikusezintasuna beste indarkeria mueta bat da, emakumeei sexualidade libre eta autonomoa ukatzen jarraitzen dauen gizarte patriarkalean. Hainbeste emakume lesbianaren existentziarik eza edo ikusezintasuna gaitzestea da sistemeak darabilen mekanismoa, gizartean sexu eta genero-aniztasuna ukatzen jarraitzeko.
Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazino eta indarkeria mueta guztien kontra burrukatzea, lesbianen ikusgaitasuna sustatzen daben politika publikoak beharrezkoak dira eta, batez be, maskulinoa dan LGTBI+ irudimenetik harago doazenak.
Egun honetan, lesbiana horreek guztiak aldarrikatu nahi ditugu, ikusarazoten diranak eta ez diranak. Gure helburua emakume lesbianek euren ikusgaitasuna zelan bizi gura daben askatasunez erabagi ahal izatea da eta, horretarako, baldintza egokiak sortzen jarraitzeko egingo dogu lan. Era berean, dei egin nahi deutsegu persona, alkarte, kolektibo, erakunde eta organismo guztiei, jendarte osoari, lanean jarraitu deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!