Jon Rementeria: 'Gernikarrok memoria historikoa lantzeko erantzunkizuna dogu'

Dabi Piedra 2021-04-26 08:00   Barriketan

Gernika bizirik kantuaren egilea.

Gernikako bonbardaketearen 84. urteurrena gogoratzeko antolatu diran ekitaldien artean, Jon Rementeria musikariak bere aletxua ipini dau. Gernika Memoriaren Lekuko alkartearen bultzadaz, Gernika bizirik izeneko kantua sortu dau, eta entzungai dago sarean (hemen). Bonbardaketeak gernikarrei egindako kaltea modu gordinean agertzen dau Rementeriak, baina memoria gordeteko eta aurrera begiratzeko deia be bada kantua.

Sarkor taldean egin zan ezagun Jon Rementeria. Gernika bizirik kantuko berbak eta melodia bereak badira be, laguntzaile finak izan ditu, batez be Jon Urriolabeitia. Leire Gonzalez, Gorka Leon eta Patxi Goikoetxea be batu dira proiektura. Arratzun, Foruan eta Segundo Olaeta musika eskolan egin zituen grabazinoak, zezeilean hasi eta orain dala egun gitxi amaituta. Denporaz estu ibili arren, garaiz heldu da Gernika Bizirik urteurreneko ospakizunetarako.

1.- Gernikako bonbardaketearen 84. urteurrenagaz bat aurkeztu dozu Gernika Bizirik kantua. Zelan hasi zinan proiektu honetan?
 
Musikaria eta sortzailea izateaz aparte, euskal presoen aldeko Sare mobimentuko kidea naz Gernikan, eta alkarte horretan lankidetzan gabiz memoria lantzen daben beste talde batzukaz, Gernika Memoriaren Lekuko plataformearen bidez. Hor sortu zan abestia egiteko idea eta polita begitandu jakun. Sarkor taldea itxi nebanetik ez dot ezer argitaratu, baina aukerea sortu zanean aurrera egitea erabagi neban. Nire ekarpena egiteko modua da.
 
2.- Proiektuaren burua zeu zaren arren, laguntzaile finak izan dozuz: Jon Urriolabeitia, Gorka Leon, Leire Gonzalez... Taldean egindako lanaren ondorioa da kantua?
 
Bai, duda barik. Egia da neu nabilela meritu guztia eroaten, baina benetan parte bat egin dot nik: berbak eta melodia idatzi, batez be. Beste konponketa guztiak, entzuten dan pianoa, hari-laukotea... Hor atzean jente asko egon da. Gorka Leonen ardurea konponketak eta pianoa izan dira, Leire Gonzalezek baxua jo dau, Jon Urriolabeitiak gitarra elektrikoa eta Patxi Goikoetxeak perkusino batzuk egin ditu. 
 
Ganera, Jon Urriolabeitia izan da grabazinoaren giltzarria, teknikaria bera izan dalako. Estudioa dauka Arratzun eta hantxe grabau doguz gauza gehienak. Nahasketak be berak eginak dira. Bera izan da dana koordinau dauena eta, neugaz batera, produkzino lanetan ibili dana. 
 
Talde osoa ez gara momentu baten be batera egon, hori gauza bitxia da. Jon Urriolabeitia eta biok ibili gara denpora guztian, eta beste musikariakaz banan-bana egin dogu lan. Pandemiak ez dauenez errazten danok alkartu ahal izatea, zatika egin doguz gauzak, gehienez hiru lagun batuta aldi berean, baina beti talde lana gogoan. 
 
3.- Kantuaren berbak gordinak dira, bonbardaketearen sufrimendua agiri-agirian dago. Zer adierazo nahi izan dozu?
 
Kantu asko egin dira Gernikako bonbardaketearen inguruan, eta egingo dira, eta danok azpimarratzen dogu egun haretako basakeria. Neuk be, kantuaren parte baten hori gogoratu nahi dot, memoria ariketa bat dalako, eta zer gitxiago gogoratzea baino egun haretako krudelkeria eta injustizia. 
 
Horretaz aparte, neure buruari ariketa bat ipini nahi izan deutsat, hau da, gogoetea transmitiduten ahalegintzea, eta baita gernikarrei gonbidapena egitea be: ez dogula ahaztu behar egun haretako jazoerea, eta ezta ondoren etorri zan diktadurea be, ze lau hamarkada oso gogor etorri ziran. Memoria bizirik gordeteko lan egin behar dogu. Jenteagan gogoa biztuten ahalegindu naz, Gernikaren inguruan oraindino esan barik dagozan gauzak esan deiazan. Kantuak berak esaten dauenez, azalera ateratzeko.
 
4.- 84 urte geroago, gernikarrak dei horri erantzuteko prest ikusten dozuz?
 
Nire ustez, urte luzez egon da isiltasun sakon bat, kantuan be aitatzen dot. Esaten dot, egun haretan hil ziranen isiltasunak hamarkada askoan segidu ebala. Isiltasun hori ez da bakarrik hildako jenteagaitik, gure aitita-amumek bildur ikaragarria pasau dabe, frankismoan ezin zan berba egin eta hor trauma bat sortu zan. Ezin izan dabe euren bizipena azaleratu.
 
Baina, urte batzuetatik hona, badabil memoria lantzeko gogo bat herrian, batez be Gernika Batzordea lanean hasi zanetik, ikusten da gero eta alkarte gehiago sortzen dirala herrian, eta testigantzea jasoteko asmoa badago. Neuk be bultzadatxua emon nahi izan deutsat horri.  
 
5.- Musikea tresna ona da memoria landu eta zabaltzeko?
 
Duda barik, ze ez badogu geure testigantzea emoten edo geure bizipenak azaleratzen, hemendik urte batzuetara geratuko dan bakarra historia-liburuetako kontakizuna izango da, historialari batzuen errelatoa. Baina isilik geratuko dira beste milaka bizipen, sufrimendu, min eta liburuetan agertuko ez diran kontakizun. Transmisino hori egiteko, formatu guztiak dira onak, gernikar gehienok ez gara historialariak, baina bakotxak geure erara, memoria bizirik gordeteko ariketak egin geinkez. Adibidez, Gernika Garretan alkarteak antzerkia egiten dau, edo beste batzuek argazkiak, poesia, berbaldiak eta abar erabilten ditue bonbardaketearen memoria lantzeko. Orduan, zergaitik ez musikea, uste dot formatu ona dala memoriari bizirik eusteko.
 
6.- Dagoeneko sarean dago Gernika Bizirik kantua. Beste bideren batetik zabalkundea egiteko asmorik badozue? Kontzertuen bidez, edo disko fisikoan, esate baterako.
 
Covid 19ak ez deusku itxi nahi izango genduan erritmoan aurrera egiten, eta kantea argitaratzeko be justu-justuan ibili gara, bestelako gauzetarako denpora askorik ez jaku sobrau. Orain bai, kantuaren zabalpenean buru-belarri sartu gara, baina momentuz, online formatuan. Oraindino ez gara jarri pentsetan aurrerantzean ze beste bide emongo deutsagun. Nik uste dot aukerea egongo dala gauza gehiago egiteko, ziur ideak urtengo dirana. Gogoa badogu, eta kantuak be merezidu dau bide luzeagoa egitea. Ez dakit zuzenean aurkezteko erarik egongo dan hurrengo asteotan, baina buelta bat emoteko asmotan bagabiz. Disko fisikoa be ez dogu baztertzen, ez dakit singlea ala zer izango dan.
 
7.- Apirilaren 26a egun berezia izaten da urtero-urtero. Zelan bizi izaten dozue gernikarrok?
 
Egun hunkigarria izaten da. Holako sarraski batek herria goitik behera suntsitu eutsunean, zure aitita-amumak, izeko-osabak bizi ebena jakinda, urteurrena berezia izaten da. Arratsaldean sirenak joten hasten diranean, gorputza hartzen deutsu ikara moduko batek, deskribau ezina da, herri guztia isilik geratzen da, dardar baten. Holan gogoratzen dogu ze krudela eta injustua izan zan. Iluntzeko zortziretan, Gernika Batzordeak deituta, kandelen ekitaldia egiten da, hori be hunkigarria izaten da. Herri guztiak bat egiten dau min horretan, baina aurrera egiteko gogoa be badago. Abestian bertan esaten dot Gernika herri bizia dala, bizirik dagoala, eta egun hau urte luzez gogoratuko dauela, hau ez daiten alferrik pasau, ondorengo belaunaldiek jakin deien zer pasau zan hemen. Eta ez daiten barriro halakorik pasau. 
 
8.- Eragile ugarik antolatzen ditue bonbardaketearen inguruko ekitaldiak: erakunde publikoek, Bakearen Museoak, hainbat alkarte eta taldek... Zer esangura dauka aniztasun horrek zuentzat?
 
Nahi ala nahi ez, Gernika munduko mapan dagoan puntu bat da, eta hori bonbardaketeagaitik da. Gitxi-asko mundu guztian da ezaguna hemen pasau zana. Picassoren koadroak be sona handiagoa emon deutso herriari, jakina. Danok dakigu, ondo baino hobeto jakin be, erantzunkizun bat daukagula memoria historikoa landu eta basakeriaren kontra egiteko, memoriaren ikuspuntutik herri esanguratsua dalako. Erakundeetan, herri mobimenduetan, herritarrakan... Oso sartuta dagoan konpromisoa da. 
 
9.- Sarkor taldean ibili zinan, baina gaur egun oholtzetatik aparte zabiz. Behin Gernika bizirik kantua aurkeztuta, beste proiekturik badozu buruan?
 
Urte batzuk dira publiko aurrean ez nazena agertu, baina neure gauzak egiteari ez deutsat itxi, maila edo intensidade bajuagoan izan arren. Orain talde bat sortzeko lanean be hasi gara, baina proiektua baino ez da, ez dakit noraino helduko garen. Bestetik, Gernika bizirik abiapuntu polita da, baina nork jakin zelan amaituko dan, aukerea balego zeozer egiteko, ni prest. Ia zer bide hartzen daben gauzek, beharbada hilebete batzuk barri zeozegaz urtengo dot jentaurrera. 
 
Argazkiak: Gernika Memoriaren Lekuko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu