Iban Arantzabal da Tokikomeko presidente barria
2021-04-23 13:57 Euskerea berbagaiLekuan lekuko komunikabideen bateraguneak Ohiko Batzar Orokorra egin dau Eibarren.
Igazko urte gorabeheratsuak emondakoa aztertu eta gerora begira zer egin erabagiteko, Ohiko Batzar Orokorra egin dau Tokikomek Eibarren. Lekuan lekuko euskerazko komunikabideen bateragunea da Tokikom, eta hortaz, Euskal Herri osoko 70 bat aldizkari, atari digital, irrati eta telebistatako ordezkariak batu dira, herri eta eskualdeko mailako informazinoa lantzen daben danetariko medioen erakusgarri.
Batzarra aprobetxau dau Tokikomek lekuko aldaketea egiteko. Aurrerantzean, Iban Arantzabal izango da presidentea, Jone Guenetxearen lekukoa hartuta. Elgetan jaioa 1975ean, euskalgintzako proiektu ugaritan lagundu dau gaztetatik eta komunikazinoan be ibilbide luzea dau; besteak beste Goienako buru izan zan.
Bestetik, kide barriak be onartu ditue Eibarko hitzorduan. Batetik, Tolosaldeko Ataria kide oso bihurtu da, orain arte Tokikomen plataformearen erabiltzaile izan eta gero. Bestetik, Arratiako Begitu aldizkariak kide izatea eskatu dau. Tokikomen sartuta, papelezko aldizkariari zein interneteko atariari bultzadea edo astindua emon nahi deutso Begituk.
Pandemiak lekuan lekuko komunikabideen egunerokoari eragin deutsala onartu dau Jone Guenetxeak batzarrean, 2020ko balorazinoa egiteko orduan. Egoera ekonomikoa larria da, eta, horregaitik, alkarlana behar-beharrezkoa da. Dana dala, osasun egoereak aukera barriak zabaldu ditu komunikazinoan, sareko edukien konsumoak nabarmen egin dauelako gora.
Kalidadezko informazinoa emoteko orduan, gure lana inoiz baino beharrezkoagoa dala ikusi dogu, adierazo dau Guenetxeak. Zero kilometroko informazinoa eskatzen dau jenteak, eta horixe emoten dabe, hain zuzen be, Tokikomeko bazkide diran hedabideek.
Iban Arantzabalek gogoz hartu dau presidente kargua, adostasunak eta alkarlanak bere zeregina erraztuko dauelakoan. Erronka ugari aitatu ditu 2021erako, hasteko, erakunde publikoakaz hitzarmen barriak egitea. Herriko eragileakaz lankidetzan, zerbitzu barriak emoten hastea be badago Tokikomen asmoen artean. Kazetaritza zintzo, hurreko eta euskalduna egin nahi dabe Tokikomekoek, ikus-entzule eta irakurleak ondo jagonda.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!