'Emakumeak bizkaian. Zelakoak garen eta zelan ikusten gaituen'

Bizkaie! 2021-04-23 13:30   Kulturea

Genero bardintasun erreal eta eraginkorraren helburu horretara heltzeko gure aletxoa da.



Bizkaiko Batzar Nagusiak
erakundeak eta Errege Euskalerriaren Adiskideen Alkarteko Bizkaiko Batzordeak Emakumeak bizkaian. Zelakoak garen eta zelan ikusten gaituen (14,1 MB) liburua aurkeztu dabe gaur, Bizkaiko Batzarretako Bilboko egoitzan. Liburu horretan, 2020an Bizkaiko Batzarretan, izen beragaz, egin ziran lau jardunaldien mamina jasoten da eta emakumeen eta gizonen bardintasunaren inguruko, eta XXI. mendean ikusten diran etorkizuneko erronken ganeko eretxiak, hausnarketak eta ardurak batzen dira.

Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Lorenzo Goikoetxea, Errege Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen presidenteak, aurkeztu ditue argitalpena eta Begoña Cava Mesa eta Inés Pellón González egileak. Egileek, kirolaren, barrikuntzearen, teknologiaren, ikerketa zientifikoaren, sormen-kudeaketearen, komunikabideen edo sare sozialen munduko ahots garrantzitsuen azterketea eta planteamentuak batu ditue.

Argitalpena, erakunde biek alkarregaz argitaratzen daben bigarrena, Bizkaiko Foru Aldundia azkenengo urteotan emakumeen ahaldundutzea hobetzeko eta Bizkaian bardintasunerako gune handiagoak eregiteko egiten dabilen lanaren barruan dago: Genero bardintasun erreal eta eraginkorraren helburu horretara heltzeko gure aletxoa da, Otaduik gogoratuazo dauenez eta liburu honen argitalpena euren burrukeagaz gure aurretik ibili diran eta hainbat arlotan balioa erakutsi daben emakume ausart guztiei egindako omenaldia da nabarmendu dau.

Argitalpenean, gehienetan gizonak buru diran hainbat lan eta gizarte-esparrutan nabarmendutako emakumeen eretxiak batzen dira. Liburuaren 220 orrialdeetan, kirolean emakumeak hartzen dauen lekuaren ganeko ikuspegia eskaini eben Ana de la Parte Gutiérrezen, María Ángeles Galíndez Urquijoren eta María Tato Meraren kasuak kontetan dira. Bestalde, Eva Arrilucea Solachik, Ana Ayerbe Fernández-Cuestak, Leire Bilbao Elguezabalek eta Lorena Fernández Álvarezek emakumeen munduak dituan erronka sozialen ganean egin eben berba beste mahai-inguru batzuetan.

Horrezaz gan, gazteen eta sare sozialen ganean be egin zan berba jardunaldietan. Liburuan, Estibaliz Apellaniz Ingunzaren, Itziar Errasti Peregen, Esmeralda Hernando Lópezen eta Marta Macho Stadlerren gogoetak dagoz. Era berean, eretxi horreek, sormen-kudeaketan eta komunikazinoan dabizen Verónica Elorza Canteraren eta Begoña Marañón Unanueren eretxiakaz lotzen dira. Saioek lau gizonen ikuspuntua be izan eben: Kepa Lizarraga Sainz, Jon Barrutia Güenaga, Jorge Flores Fernandez eta Andoni Aldekoa de la Torre.

Bizkaiko Batzar Nagusiak buru-belarri dabiz bardintasun-politikak sustatzen eta bultzatzen, izan be, Legegintzaldi honetarako helburuetako bat da. 2020an, Bizkaiko Batzarrek, Nafarroakoaren atzetik bardintasunaren aldeko ibilbide-orria dauen Estaduko bigarren parlamentuak, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako I. Plana (2017-2020) amaitu eben eta plan horren barruan, Bizkaiko Batzarrek ahots eta diskurso barriak erakartearen alde jarraitu eben, Bizkaiko emakumeak mende honetan dituan planteamentuak, ardurak, rolak eta erronkak jasoteko.

RSBAPen Bizkaiko Batzordea (1764-2021), bere 2020-2030 Plan Estrategiko barriaren esparruan, Bizkaiko gizartearen beharrak identifiketan saiatzen da ideak bilatuz eta personei erabilgarritasun eta zoriontasun handiagoa emongo deutseezan proiektuak gauzatuz, gizonek eta emakumeek biziteko dituen legezko asmoak asebeteta ikusi deiezan. Bizkaiko Batzar Nagusiakaz ezin baliotsuagoa dan lankidetzan, Jardunaldien formatu hau instituzionalizau dogu. Eta balioetsi egiten doguz XXI. mendeko kultura barriaren ezinbesteko protagonistak diran Bizkaiko emakumeen lorpen eta esperientzia personalak eta profesionalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu