Juan Carlos Irizar musikagilea hil da

Bizkaie! 2021-04-23 13:02   Musikea

Konpositorea, pianistea eta zuzendaria izan zan, besteak beste.

Euskal musikagintzeak azken hamarkadetan izan dauen artistarik esanguratsuenetako bat hil da, Juan Carlos Irizar. Oñatin jaio zan 1951n, eta musika ikasketak egin zituan jaioterrian, Donostian, Pauen, Madrilen eta Erroman. Sorkuntzan ibili zan, konposizinoan batez be, eta orkestra, banda zein abesbatza ugari be zuzendu zituan.

Irizarren ibilbide oparoa ez zan estilo edo formatu bakarrera mugatu, kontrara, danetariko proiektuetan parte hartu eban. Konposizinoaren arloan, pianorako eta orkestrarako pieza ugari sortu zituan, gehienbat instrumentalak. Dozenaka liburu eta diskotan batu zituan konposizino eta partiturak.

Bestetik, ikus-entzunezkoetarako, antzerkirako zein jantzarako musikea sortu eban, baita umeentzakoa be. Doinu ezagun batzuk bereak dira, adibidez, ikastola eta eskolen jaietakoak edo Bilboko Mari Jaiaren martxea. 

Zuzendaritzan be, luze-luzea da Irizarren lanen zerrendea. Batetik, orkestra ugaritako zuzendaria izan zan, gehienbat atzerrian: Bartzelonan, Pauen, Erroman... Euskal Herrian, ostera, musika-banden zuzendari ibili zan, besteak beste, Galdakaon, Gasteizen eta Getarian. Abesbatzetako zuzendari be izan zan.

Interpretazinoaren alorrean, duda barik pianoagaz lotuta dago Irizarren jarduna, gaztetan tresna hori joten hasi zanetik. Baina organoa be ikasi ebala ez da ahaztu behar, eta herri askotako organista izateko atea zabaldu eutsan horrek.

Mundu zabalean ibilitakoa zan arren, Oñatigaz, Debagoienagaz eta Euskal Herriagaz lotura estua izan eban beti. Ganera, gizarteari laguntzeko proiektuetan parte hartu eban, esate baterako, Aita Menni ospitalearen We Are Like You kontzertu solidarioetan. Ospitale horretan musikoterapia lantzen eban.

Irizarren musikea hurragotik ezagutu gura dauenak aukera zabala dau, 30 disko baino gehiago argitaratu zitualako. Lehenengoa, Donosti Romántico, 1981ean. Azkena, Mujeres que me inspiran, 2019an. Hamar bat partitura-liburu be egin zituan, tartean Euskal Abesti Enblematikoak saileko hirurak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu